Haur eta gaztetxoentzat eskaintza zabala ez izan arren, oporraldi honetan zinemaren magia dastatzeko aukera paregabeak eskaintzen dizkigu kartelerak.

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 8a, 02:00

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’ Termopilaseko batailaren kronika, CIA erakundearen sorrera, maitasunak maiz dakarren itsumena, heroitasunaren kontzeptu erabilgarria... Gertakizun historiko desberdin eta munduko leku desberdinak ezagutzeko aukera eskaintzen digute zinemetan ikusgai dauzkagun filmek. Ugariak eta desberdinak dira karteleran dauden filmen gaiak zein paisajeak. Espartanoen Greziatik (300) XIX mende hasierako Txinara (El velo pintado) bidaiatu dezakegu. Edo, errealitate gordinetik mundu fantastikoetara jo. Beraz, ez dago munduan bidaia agentziarik pareko aukera duenik. Eta publiko guztientzat gainera.

HAUR ETA GAZTETXOENTZAT
Descubriendo a los Robinsons
(Antiguo Berri, Oscar La Bretxa, Cinebox Urbil)
Hau da aste honetan haurrentzat apropos estreinatutako film bakarra. `Chicken Little` filme kaxkarraren porrota jasan eta gero, Disney Faktoria gogoz saiatu da bere hurrengo filme honekin. John Lasseteren babespean (Toy Story, Bichos,Cars) eta William Joyce artista eta idazlearen eleberrian oinarrituta, Descubriendo a los Robinsons izan da lan izugarri horren emaitza. Eta itxaronaldiak merezi izan du. Arina eta ikusgarria den film honetarako, iturri klasikoetatik ateratako ideiak erabili ditu Steve Andersonek filme originala zein dibertigarria gauzatzeko xedez. Aupa posmodernitatea!

Un puente hacia Terabithia (Antiguo-Berri)
Narnia produkzioak lortutako arrakastaren babespean ailegatu zen kartelerara Gabor Csuporen film oker hau. Narniak bere hutsuneak efektu berezi izugarriekin eta seriotasunarekin nolabait tapatzen bazituen ere, ez dago gauza bera esaterik Un puente hacia Terabithia filmaz. Arlo guztietan pobretasuna adierazten baitu. Nahiz eta oinarrizko eleberriak interesa izan, Csupok ez du lortu filman horren irakurketa dexente bat eratzea. Pena bat. Rebelión en la isla (Cinebox Urbil) Animazio digitalaren xehetasunak ez daude Estatu Batuarren eskura bakarrik jadanik, azkenaldi honetan munduko leku desberdinetan ekoiztutako adibide zoragarriak ikusi baititugu. Eta Alemaniatik datorren film hau film nabarien artean jarri beharrean gaude. Ezer berririk ez azaldu arren, Reinhard Kloos eta Holger Tapperen filma xamurtasunez eta umore onez betea dago. Erritmo biziko film honen pertsonaiei bilakaera falta zaie agian, baina istorioak nahiko ondo funtzionatzen du. Ikusteko modukoa.

HELDUENTZAKO FILMAK: GERRA, AMODIOA ETA BESTELAKOAK)

300 (Antiguo Berri, Oscar La Bretxa, Cinebox Urbil)
Martxa honetan, Frank Miller komikigilearen obra gehiena pelikuletan gauzatua ikusiko dugu laster. Agian 300 filmaren estreinua Robert Rodriguezen Sin City moldaketaren arrakastari esker eman da. Hala eta guztiz ere, 300 eleberri grafikoa urrun dago Frank Millerren obra ederrenetatik (Sin City, Ronin, Elektra Assasin, Batman: el regreso del señor de la noche). Filmari dagokionez, oso ikusgarria dela ez aipatzea pekatua litzateke. Baina, Sin City filmari neurri batean gertatzen zitzaion moduan, komikiarekiko fideltasunak filmari kendu egin dio behar zuen dinamismoa, eta Zack Snyderrek ez du asmatu irudi horiei bizia hauspotzeko orduan. Persen armada izugarria eta 300 espartanoen arteko batailari buruzko film honetan gainera, muskuloz beteriko estetika filogay arruntaren azpitik diskurtso homofobo garbia agertzen da. Eta niri askoz ere erakargarriagoa egiten zait, Jerjes errege persiarraren definizio eza Leonidas errege espartanoaren kulturista heterosexualez osaturiko armada baino. Por zierto, aipaturiko komiki gehienak Udal Liburutegian daude.

The messengers (Oscar La Bretxa)
Pang anaiek Estatu Batuetako merkatuaren deiari baietza eman diote eta ondorioz, bere estiloarekin ia zerikusirik ez duen film hau sinatu dute. Takashi Shimizuri (El grito) gertatu zitzaion moduan, The eye filmaren egileek ez dute lortu Estatu Batuetan bere herrian lortutako emaitzarik. Agian filmaren gidoia sinatu ez dutelako, edo Sam Raimiren babesak gehiegi estutzen duelako, kontua da, Pang anaiek bere lehen film kaxkarra sinatu dutela oraingoan. Faltsua eta topikoa, filma terrorezko klasiko batzuen ezaugarriz josia dago (Los pájaros, El resplandor, El sexto sentido) eta hauek lagundu baino, agerian uzten dute filmaren ezaugarri nagusia: iruzurra.

Tristram Shandy: A cock and bull story (Printzipe)
Camino a Guantánamo film zoragarria zuzendu baino lehen, Michael Winterbottom britainiarrak film hau aurkeztu zuen orain dela bi urte Donostiako Zinemaldian. Vida y opiniones del caballero Tristram Shandy obra klasikoaren moldaketa zinematografikoaren saio honetan, Winterbottomek zinema eta literaturaren arteko loturak aztertzen ditu, Cinéma verité estiloaren ezaugarriak erabiliz. Horrela, Steve Coogan protagonistak (gogoratu 24 m hour party people) Tristram Shandyren rola betetzeaz gain, filmaren tarte batzutan bere buruaren rola betetzen du, beste aktoreek bezala. Spike Onzeren El ladrón de orquídeasekin antzekotasunak dituen film honetan, Winterbottomek zinea eta errealitatearen arteko loturak aztertzen ditu, zinearen izaeraren azterketa sakona gauzatzeaz gain. Ona.

Days of glory (indigénes) (Príncipe)
Rachid Bouchareden azken filmak Canneseko Zinemaldian Aktore Hoberenaren Saria (pelikulako aktore guztientzat) jaso zuen. Gainera, Donostiako Zinema eta Giza eskubideen Zinemaldiari hasiera ezin hobea eman zion. Filmak, Bigarren Munduko Gerratearen bukaeran, Frantziako defentsan Magrebeko kolonietatik ekarritako soldadu arabiarren rola aztertzen du. Metropolia ezagutu gabe, soldadu horiek funtsezko rola bete zuten Frantziako mugak defendatzeko orduan. Baina, film soldadu hauei egindako omenaldia baino askoz ere gehiago da. Lau soldaduren egoera, sentimenduak eta bizimodua azaltzen ditu, gerraren eszena fisikoekin tartekatuz. Boucharebek gerrako film klasikoen ezaugarriak dituen filme nabarmena egin du. Azpimarratzekoa da, Kalhed musikariaren soinu banda. Ikusteko moduko filma.

El velo pintado (Antiguo Berri, Oscar La Bretxa)
Proiektuarekin hasi zirenetik hamaika urte pasa dira filma pantailara ailegatu arte. Sommerset Maughamen eleberrian oinarritua, Edward Nortonen kontrolpean egon den film honek amodioaren zailtasunak ezin hobeto aztertzen ditu. Txina Ekialdeko paisaiak eta XIX mende hasierako egoera politikoa dira filmaren ezaugarri nagusiak. Filme erromantiko klasikoekin zerikusia du. John Curranek zuzendua eta Edward Norton eta Naomi Watts Aktore zoragarriekin, istorioak Memorias de Africa, El paciente inglés eta tankerako filmeen iluntasuna du. Konplexua eta serioa, El velo pintado kontutan hartu beharreko filma da.

BESTE GOMENDIO BATZUK
Diario de un escandalo (Cinebox Urbil,Printzipe)
El buen pastor (Printzipe, Trueba)
(Trueban jatorrizko bertsioan)
Cartas desde Iwo Jima (Antiguo Berri)
Juegos secretos (Printzipe)
Babel (Printzipe)
El último rey de Escocia (Antiguo Berri)
El último show (Printzipe).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!