OPORRETAN kanpora joateko ohitura badugu ere, Hernanin eta inguruan paisaia paregabeak, toki ederrak eta leku lasaiak dauzkagu. Jendea Hernanitik kanpora joaten den bezala, kanpotik Hernanira ere jende asko etortzen da oporralditxo bat igarotzera. Sagardotegiek, hondartzek, mendiek, museoek, euskal gastronomiak... turista asko erakartzen du Hernanira edota inguruotara. Aste Santuko oporretan, udako oporretan, zubietan edo asteburuetan Hernaniko lau ostatuek jende dezente izaten dute. Lasaitasunaren eta prezio merkeen bila dabilenak hemen ditu lau aukera paregabe.
Belazarte Landetxea
Pagoaga auzoan, Goizuetako bidean, dagoen landetxea da. Bi pertsonentzako lau logela dauzka, baina, ohe osagarriak ere jartzen dituzte haurrekin etortzen diren bikoteentzako, adibidez. Inguruan zelai ederra eta igerileku txiki bat ere baditu. Eta bertaratzen den guztiarentzako irekita jatetxe bat ere badu. Zortzi urte daramatza irekita, eta bertako jabeak oso gustora daude; ez zaie lanik falta. Javier Lopezek Kronikari azaldu zionez, asteburuetan eta oporraldietan erraz betetzen dituzte logela guztiak. Uztaila eta abuztua izaten dira denboraldi altuko hilabeteak. Baina sagardo denboraldian ere jendez lepo izaten da landetxea. Inguruotako lasaitasunak, erosotasunak eta prezio-kalitatearen arteko orekak jendea erraz erakartzen du. Batez ere, azken horrek, prezioak; merkea baita. Asteburua pasatzera etortzen den jendeak egun bat edo bi igarotzen ditu bertan, eta orokorrean, inguruetako jendea izaten da, ez atzerritarra. Udan, zubietan, , edo bestelako oporraldietan berriz, egun gehiago pasatzen dituzte, eta atzerritarrak ere etortzen dira. Gehienak Espainiar Estatukoak izaten dira, baina %5a urrutiagotik etortzen da, gutxi gorabehera. Jendeak Aste Santuko oporretarako erreserbak eginak ditu jada, eta Belazarte landetxeak hartuta dauzka logela guztiak.
Pardiola Baserria
Pardiola Baserria Osiñaga Auzoan dago, Otsuaenea sagardotegitik gora igota. Orain dela sei urte ireki zuten. Hasiera batean, biko 8 logela zeuzkan. Baina jendearen eskaera altua zela eta, logela gehiago prestatzea erabaki zuten bertako jabeek. Gaur egun 15 logela ditu, 30 pertsonentzat prestatuta. Baina ohe osagarriekin 45 pertsona inguru sartzen dira bertan. Zabaltze lan horiek direla eta, `pentsio rurala` da orain, eta ez landetxea. Zortzi logela zeuzkatenean urtean 1000 edo 1200 pertsona inguru pasatzen zen Pardiolatik, gaur egun ordea, logela gehiago dituenez, 1700 bat pertsona ere igarotzen dira. Anak, bertako jabeak, goitik behera erakutsi zion baserria Kronikari. Bi solairu ditu. Eta bakoitzean, logelez gain, egongela bat eta jangelatxo bat dago. Jangela horretan katiluak eta gosaritarako jaki guztiak prest izaten dira goizero-goizero, eta norberak prestatzen du bere gosaria nahi duenean eta nahi duen bezala. `Jendeari asko gustatzen zaio eta grazia handia egiten dio` esan zigun Anak. Landetxeetara etortzen den jendeak lasaitasuna bilatzen du. Asko txundituta geratzen dira hemengo parajeen edertasunarekin; mendia eta hondartza, herri txikiak eta hiriak, sagardotegiak, museoak... `Denetarik duen lurraldean bizi garela` azpimarratzen zuen Anak. Bisitariek asko preziatzen dute hori, eta eguneko txangoei eta ibilbideei buruzko informazio eske joaten zaizkio. Donostia, Zarautz, Hondarribia... inguruko kostaldea asko atsegin du jendeak. Bigarren aldiz etortzen diren bisitarentzako berriz, beste ibilbide batzuetako informazioa ematen die Anak: Larrun, Gaztelugatxe, Omako baso margotua... Sagardo denboraldian jendez lepo izaten da Pardiola. Gainera, sagardotegiak gertu izateak asko laguntzen dio baserriari. `Alkoholemia kontrolei beldurra die jendeak, eta logela ondoan izatea luxu bat da!`, zioen Anak. Normalean pare bat egun edo hiru igarotzen ditu bertan jendeak. Gehienak Euskal Herrikoak izaten dira. Baina Espainiar Estatutik ere asko etortzen dira, su-etenaren ondorenetik gero eta gehiago. Turista askok esaten diete komunikabideek sarritan oso prentsa txarra egiten diola Euskal Herriari, eta asko aurreiritziz beteta etortzen dira. `Baina oso gustora itzultzen dira denak beren etxeetara`, dio Anak. Aurtengo sagardo denboraldian ere, ez zaie lanik falta Pardiolan. Asteburuetarako, Zubietarako eta udako oporretarako erreserbak ere egin ditu jende askok.
Txintxua Hotela
Zikuñaga auzoan dago, eta aurrekoen aldean, hotela da, eta ez landetxea. Aurtengo San Joan jaietan 7 urte egingo ditu lehen aldiz ireki zutenetik. Hotela denez, landetxeak baino handiagoa da, eta jende gehiagorentzako tokia dago: 50-60 pertsona ingururentzat, gutxi gora-behera. Aparkalekua, igogailua, taberna eta kafetegia ere baditu. Eta nahi duenarentzako sagardotegiko bazkariak edota afariak antolatzen dituzte. Asteburuetan edo oporretan izaten dute jende gehien hotelean. Landetxeetako jabeek bezala, Txintxuakoek ere sagardotegiek, Donostiak, Chillida Lekuk... jendea erakartzen dutela diote. Horregatik, sagardo denboraldia, asteburuak, zubiak eta orokorrean, oporraldiak izaten dira denboraldi altuenak. Aurtengo sagardo denboraldian ere, larunbatero logela ia guztiak erreserbatuak izan dituzte. Gainera, Txintxua Hotelak Hernaniko sagardotegi batzuekin loturak eginak ditu, eta nahi duenari horietan bazkaltzeko edota afaltzeko aukera ematen dio. Hala ere, erreserbak egiteko jendea motel xamar dabil aurten, eta hotela ez dago Aste Santurako guztiz beteta, beteko bada ere. Oporraldi motxak, asteburuak edo egun gutxitako zubiak igarotzera etortzen den jendea hemen ingurukoa izaten da normalean, Euskal Herri bertakoa. Baina bertan egun gehiago igarotzeko aukera izaten duten bisitariak urrutiagotik ere etortzen dira sarritan: Kataluniatik, Madrildik, Galiziatik, Alicantetik... Horiez gain, udako oporretan Europatik jende asko etortzen da; Italiatik, Austriatik, Poloniatik, Txinatik... Astean zehar ere izaten dute kanpoko jendea, baina hauek ez dira turistak izaten. Enpresetako langileak izaten dira gehienak.
Zinkoenea Pentsioa
Hernaniarrentzat aski ezaguna den pentsioa da Zinkoeneakoa, Kale Nagusiaren amaieran dagoena hain zuzen. Bospasei urte daramatza irekita, eta izen bereko taberna du etxearen azpialdean. Guztira, 20 pertsona inguru sartzen dira bertan, biko 6 logeletan eta hiruko logela batean. Gainontzeko ostatuetara joaten den jendea bezala, Zinkoeneara joaten dena ere sagardotegiek, inguruko paisaiak, Donostiak... erakarrita etortzen da normalean. Eta sagardo denboraldian, oporraldietan, abuztuan, eta asteburuetan izaten dute jende gehien pentsioan. Chillida Lekutik, sagardotegietatik, ur-parketik... informazio-orri asko bidaltzen dituzte Zinkoeneara, bisitariei eskaini ahal izateko. Normalean Nafarroako, Arabako, Kataluniako... jendea etortzen da bertara. Amaitzeko gutxi falta duen sagardo denboraldian bete-betea egon da Zinkoenea astebururo. Hala ere, astean zehar ere izaten dute jendea, baina ez dira turistak izaten normalean, enpresariak baizik. Bilbotik, Gasteizetik, eta ingurutik etorritakoak gehienak. Zinkoenean Kronikari azaldu diotenez, aurtengo Aste Santurako erreserbak egiteko motel xamar ibili da jendea, eguraldi txarraren ondorioz akaso. Baina pixkana-pixkanaka logela guztiak bete dituzte, eta ez da lan faltarik izango.
Belazarte Landetxea
Pagoaga Auzoa 10
Goizuetako errepidean 9,5 km-an
20120 Hernani
Web orria: www.belazarte.com
Telefonoa: 943 331 569
8-12 pertsonentzako lekua biko logeletan.
Pardiola Baserria
Osiñaga Auzoa 29
20120 Hernani
Web orria: www.pardiola.net
Telefonoa: 943 333 879 / 656 734 139
30-45 pertsonentzako lekua biko logeletan
Zinkoenea Pentsioa
Kale Nagusia 57-1º
20120 Hernani
Telefonoa: 670 390 897
20 pertsonentzako lekua biko eta hiruko logeletan
Txintxua Hotela
Zikuñaga Auzoa 72
20120 Hernani
Web orria: www.hotel-txintxua.com
Telefonoa: 943 333 680 / 943 332 835
50-60 pertsonentzako lekua.