Hernaniko Udalbiltzako hautetsiek, Kronikara bidalitako idatzi baten bidez dei egin diete herritarrei, igandean izango den Aberri Eguneko ekitaldian parte hartzeko. Egun horretan Irundik Hendaiara martxa antolatu dute eta goizeko 11:30etan abiatuko dira Irungo Ficobatik. Ekitaldiaren leloa izango da Zazpiak bat. Nazioa gara. Etorkizuna gure esku. Jakinarazi dutenez aurten ez da Hernanin ekitaldirik izango. Etxeko balkoietan ikurrinak jartzeko deia ere egin dute.
´Nazio gisa jokatzeko garaia da, Aberri Egunetik hasita`
Udalbiltzak Aberri Egunaren inguruan zabaldu nahi izan duen mezua da Euskal Herriak nazio bezala jokatu behar duela, Aberri Egunetik hasita, eta horrek dakarren erronkari elkarrekin ekiteko deia zabaldu du. Udalbiltzak azaldu du, Euskal Herriak une berezia bizi duela momentu honetan eta ´uneak eskatzen duen ardura izan behar` dela azpimarratu du. ´Gatazka gainditu eta eszenatoki demokratiko batetara eraman ahal gaituen prozesu politikoa sustatzeko borondate soziala` indartsua dela irizten du Udalbiltzak, eta baita ´Euskal Herriak bere burua politiko eta instituzionalki antolatzeko eskubidea duela` ere. Une honetan, ´ukatutako hitza erreskatatzeko eta gure burua nazio gisa era instituzionalean egituratzeko eskubidea berreskuratzeko aukera baliatu` behar dela dio Udalbiltzak. ´Herritarrengandik hurbilen dagoen instituzioetatik hasita, nazioaren antolaketa demokratikoa abiatzeko garaia dela` azpimarratu nahi izan du Udalbiltzak eta bide horretan ´Udalbiltzan izandako zatiketak gainditzea proposatzen ari gara`. Azkenik herritarrei honako deia luzatu die: ´Euskal Herriari egin diezaiokegun ekarpena haundia izanda, denon artean urratsak emateko garaia da. Elkarlana eta elkarrizketa, ezinbestekoak dira eta 2007ko Aberri Eguna, oso abiapuntu polita`.