Udalbiltzak eta BHk Irunera joateko deia

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 5a, 02:00

Aurten ez dute ekitaldirik egingo Hernanin. Balkoietan eta elkarteetan ikurrina jartzeko deia ere egin du plataformak.

Kronikara bidalitako prentsa ohar batean, Bildu Hernani plataformak eta Hernaniko Udalbiltzako hautetsiek, igandeko Aberri Egunean Irunera joateko deia egin diete hernaniar guztiei. Irundik martxa bat aterako da Hendaiara Bidasoaren bi aldeak elkartzen. Deialdia 11:30etan egin dute Ficoba erakustazokan. Ekitaldia kultura, kirol eta politika arloko herritar talde batek egindakoa da eta hainbat eragilek eta alderdik bat egin dute. Lema Zazpiak bat. Nazioa gara. Etorkizuna gure esku izango da. Ekitaldia bateratua izango da eta horregatik Hernanin ez da ekitaldirik egingo.

Ikurrinak jartzeko deia

Bestalde, Udalbiltzak eta Bildu Hernanik dei egiten diete hernaniar guztiei elkarteetan, etxeetako balkoietan eta abarretan ikurrinak jartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!