AURTEN ere martxan jarri da udan familia euskaldunetan egonaldiak egiteko ekimena. Ekimen honetan bai familiek batetik, eta bestetik, euskara ikasteko interesa duten pertsonek eman dezakete izena. Familiek diru saria izango dute, pertsona bat etxean hartzeagatik. Egonaldiak hilabete batekoak edo bikoak izango dira, eta uztailean, abuztuan eta irailean zehar izango dira. Ekimena Bilboko Ulibarri eta Donostiako Urrats euskaltegiek antolatu dute. Familientzat izena emateko epea apirilaren 20an bukatuko da. Ikasleek maiatzaren 2tik 31 bitartean izango dute izena emateko aukera.
Familientzako baldintzak
Familiek baldintza batzuk bete behar dituzte: -Biztanleriaren %70etik gora euskalduna duen herri edo auzo batean bizi beharko dute. -Egonaldia eskaintzen den hilabetean, familian gutxienez hiru kide bizitzea. -Kide guztien ohiko komunikabide hizkuntza euskara izatea. -Egonaldiko ikasle bat hartu daiteke, soilik. -Ikasleak familiako bizitzan parte hartu beharko du, eta familiak gutxieneko intimitatea eta askatasuna eskainiko dizkio. -Ikasleak logela pribatua izango du. -Familiak 620 euro jasoko ditu hilabeteko egonaldi bakoitzeko.
Ikasleentzako baldintzak
Ikasleek ekimen honetan parte hartzeko honako baldintzak bete behar dituzte: -18 urtetik gora izatea. -Zortzigarren urratsa gainditua izatea edo honen baliokidea (HABEko 2.Maila, Hizkuntz Eskola Ofizialeko 4.maila, Administrazio Publikoko 2. H.E., Irakaskuntzako 1.H.E., Lanbide Heziketa I, edo BBB eta UBI D hizkuntz ereduan egina izatea,...). -Ikasleak egonaldi bakoitzeko 310 euro ordaindu behar ditu.
Informazio gehiago
Familiek izena emateko 943 474447 telefono zenbakira deitu behar dute. Ikasleek 94 416 24 72 telefono zenbakira deitu behar dute. www.egonaldiak.net helbidean informazio gehiago ere aurkitu daiteke.