Kronika auzo ezberdinetako elkarteekin hitz egiten ari da azken hilabeteetan eta aste honetan Marieluts eta Latsunbeberri auzotan izan da. Bertan, Iturritxo auzo elkarteko kideek bi auzoen egungo egoera azaldu digute. Miguel Jimenez eta Manuel Otero dira Iturritxoko lehendakaria eta lehendakariordea, eta Olga Agirre idazkariarekin, Tomas De Diego diruzainarekin eta 4 bozeramalerekin batera, zuzendaritza batzordea osatzen dute. Kide hauek iaztik daude batzordean eta otsaileko ohiko bilkuran inor aurkeztu ez zenez, beraiek jarraitzen dute: ´lehendik geundenak karguak aldatu genituen gure artean` dio Jimenez lehendakariak. Hori aldatu nahiko lukete, ordea, auzo elkartea osatzen dutenek: ´auzokideei parte hartzeko deia egiten diegu. Jendea gehiago inplikatzea nahi dugu` adierazi dute Jimenezek eta De Diegok. Latsunbeberri eta Marieluts auzoetan 1.500 bat lagun bizi dira eta Iturritxok 60 bazkide inguru dauzka.
Lokalak etxebizitza bihurtzea, ardura nagusia
Azken arau subsidiarioetan Udalak baimentzen du auzo batzuetan lokalak etxebizitza bihurtzea, eta Latsunbeberri da horietako bat. Dena den, proiektua ez da oraindik onartu: ´apirilean edo maiatzean onartzekoa dela uste dugu, eta jabe batzuk horren zain daude lokalei erabilera hori emateko` diote Iturritxoko kideek. Diotenez, lokal horiek betidanik hutsik egon dira, ´14 urte, auzoa egin zenetik`, eta auzo elkarteak begi onez ikusten du jendea bertan bizitzea. Oraingoz, interesatuak ofizina edo lokal komertzialak eratzen ari dira, Udalak bizigarritasun izaera eman arte. Hala ere, 10 bat lokaletako jabeek etxebizitza jartzeko asmoa dute, eta obrak hasiak omen dauzkate jada.
Auzoko jaiak irailean
Iturritxo auzo elkarteak aipatzen duen beste gai bat irailean egin nahi dituzten jaiena da. Iaz egin zituzten estreinakoz auzoko jaiak, Karobi elkartearekin elkarlanean, eta, ondo atera zirenez, aurten errepikatu egin nahi dituzte. Horretarako, jai ba-tzorde bat eratu nahi dute, ´lana denen artean banatzeko`. Lan egiteko prest dauden auzotarrei elkartetik pasatzeko eskatu diete. Jimenezen esanetan, au-zoa eratu zenean ´logela-auzo` kutsua zuen, bizilagun asko Hernanitik kanpokoak zirelako, eta lo egitera bakarrik etortzen zirelako, ´baina orain haurrak izaten hasi dira eta giroa pizten ari da auzoan, eta hori bultzatu nahi dugu jaiekin`.
Auzoaren beharrak
Auzoaren beste beharretaz galdetuta, auzoko gune batzuen argiztapen eskasa na-barmentzen dute, Atarrabiyo parkearena eta kirol gunearena, hain zuzen. Horrekin batera, espaloirik gabe dauden eremu batzuei irtenbidea ematea ere eskatu dute, ´auzoa bukatu zutenean, zonalde batzuk galipotarekin estali zituzten, eta guk nahi dugu, espaloia jarri edo, behintzat, auzo guztia berdintzea, galipota gorriarekin` adierazi du De Diegok. Iturritxotik onartzen dute, dena den, beste auzo batzuk behar haundiagoak dituztela, eta beraien eskaerak ez direla hain garrantzitsuak, ´presarik gabe, baina gure auzoaren beharrak jakinarazi behar dizkiogu Udalari, guk ere badauzkagu eta` azaldu dute arduradunek.