JOSE Ramon Chica PSE-EEko Udaleko bozeramaileak eta Alkatetzarako hautagaiak jakinarazi du eskualdeko Segurtasun Batzordea biltzeko eskatu duela txotx denboraldian geratzen diren arazoak konpontzeko, ´Txotx komisioaren eraginkortasun falta dela eta`. Adierazi du tabernen inguruan bizi direnen bizi baldintzak onartezinak direla eta egoerak okerrera egin duela. Udalak iragarritako sakoneko aldaketak babesten dituela adierazi du Chicak, baina aipatu du, orain arteko neurriak ez direla izan uste bezain eraginkorrak. Gipuzkoako Sagardogileen presidenteak prentsan adierazi du sagardotegietatik kanpo gertatzen dena ez dela beren arazoa. Chicak dio, haien arazoa ere badela, ´izan ere, bezero askok juerga txotxaren erritualarekin erlazionatzen dute`. Aipatu du ´zarata, borrokak, kaleetako pixek... txotx garaiari prestigioa kentzen` ari zaizkiola eta sagardogileei kalte egiten diela honek. Sagardo denboraldian herrira etortzen direnei mezu bat helarazi nahi izan die Chicak, ´ondo pasatzeko eta sagardoa edateko eskubidea dute, baina bizilagunek ere deskantsatzeko eskubidea dute`.
Udaltzaingoari eskerrak
Udaltzaingoari eskerrak eman dizkie denboraldian egindako esfortzuagatik, ´larunbatetan Kaxkoan 4.000 pertsona ere biltzen dira.` Hala ere, esfortzua emaitzekin bat ez datorrela dio.
Montes kurtidorako instalazioekin espekulatu
ez dadin neurriak eskatu ditu PSE-EEk
PSE-EEk eskari bat egin dio Udalari hitzarmen bat egiteko Monteseko kurtidorak Orbegozo poligonoan dituen instalazioekin espekulazioa gerta ez dadin.
Jose Ramon Chica bozeramaileak eta azaldu du kurtidora garai batean Antziolan zegoela eta Udala eta Diputazioari esker Antziloako eraikin zaharkitua utzi eta Orbegozoko instalazioetara aldatu zirela. Chicaren hitzetan enpresak inguruan ematen zuen itxura txarrarekin bukatu zen eta Orbegozora pasa zen, herritik aldenduta zegoen pabilioi berri batera.
Chicak azaldu du enpresak bere jarduna bukatu duela eta ez dakitela zer gertatuko den instalazioekin. Chicak dio instituzioen esfortzua ezin dela jabeen espekulazioan bihurtu. Instituzio eta jabeei dei egin die erantzukizunez jokatzeko eta akordio batera iristeko, ´herritarrentzat onuragarria izango dena`.