Udal bideen inbentarioa eta Felix Ugarte elkarteari lokala ematea onartu ziren atzo

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 4a, 02:00

PLENOA izan zen atzo eguerdian, Udaletxean. Besteak beste, onartu zen Udal bideen inbentarioa, bertan zehazten da zein bide den publikoa eta zein pribatua. Alegazioen inguruko erabakiak ere onartu ziren. Udalak Etxeberri 9garren zenbakian duen lokala Felix Ugarte espeleologia elkarteari ematea ere onartu zen.

Ikastaroetako prezioak eta igerileku irekiak
Hernani Musika Eskola, Kantuz Musika Eskola, kultura arloko eta Udal Euskaltegiko ikastaroetako prezioei, bataz beste, KPIa igotzea onartu zen. Igerileku irekien prezioak prezio publiko izatetik tasa izatera pasako direla ere onartu zen. Aldaketa teknikoa izan arren bozketan PP eta PSE-EEko 5 zinegotziak abstenitu egin ziren. PSE-EEko bozeramaileak aipatu zuen, ez dutela oso garbi ikusten ur parkearen gaia nola dagoen, ´oraindik ez baitzaio kiroldegiari eman`. Jose Antonio Cuesta, Obra Publikoetako zinegotziak Kronikari azaldutakoaren arabera, obra gutxi batzuk falta dira ur parkea erabat bukatzeko. Putzuak saihesteko drenatze sistema, ezinduentzako komuna moldatzea eta beste hainbat detaile errematatzea besterik ez da falta. Kafetegia eta taberna ere falta dira egiteko, baina obra hori lehiaketa berri baten bidez beste enpresa bati emango diote, aurrerago. Cuestak aipatu du maiatza aldera irekiko dela ur parkea seguruenera, baina Kirol Patronatuarena dela erabakia.

Onartutako beste puntuak
Villa Politenako etxeetarako sarrera egiteko erabili diren Oriamendi kooperatibako lurrak behin betiko Udalaren jabetzakoak izatea ere onartu zen, nahiz eta PP eta PSOEko zinegotziak abstenitu. Udalaren eta Diputazioaren akordio bat ere onartu zen, Diputazioaren jabetzakoak diren errotondak eta berdeguneak txukuntzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!