PLENOA, 11 gaiekin, eta Gobernu Batzarra, seiekin, izango dira gaur Udaletxean, eguerdieko 13:00etan eta 13:30etan, hurrenez hurren.
Ikastaroetako prezioak eta zenbait hitzarmen
Plenoan erabakiko dira Musika Eskola Publikoko, Kantuz Musika Eskolako, kultura arloko eta Udal Euskaltegiko ikastaroen prezioak, 2007/08 ikasturteari dagokionez. Udara aldera irekiko den ur parkea erabiltzeko prezioak ere eztabaidatuko dituzte plenoan. Ordenantza fiskalak aldatzeko proposamenaz ere hitz egingo da. Bertan aztertuko da, zenbait zergetan, zein kuotaren gainean aplikatu behar diren onura fiskalak. Hernaniko zein bide den publiko eta zein pribatua zehazten duen inbentarioa ere Plenotik pasako da, alegazioen inguruko erabakiekin batera. Udalak, Oriamendi kooperatibak eta Arin promotorak egindako hitzarmenaz ere hitz egingo da. Hitzarmen honen bidez, besteak beste, Kooperatibak Udalari lurrak eman dizkio Villa Politenako etxe berrietarako sarrerako bidea egiteko. Akordioan zehaztu dute lur hauek, behin betirako, Udalari emango zaizkiola. Udalak Etxeberriko 9garren zenbakian duen lokala Felix Ugarte elkarteari ematea ere gai ordenean dago. Beste puntu esanguratsu bat da, Diputazioak eta Udalak egindako hitzarmena, Diputazioren eskumenekoak diren rotonda eta berdeguneak txukun mantentzeko.
Gobernu batzarra 6 gaiekin
Gobernu batzarrean hitz egingo da, besteak beste, Udal Euskaltegiko barruko aldea aldatzeko obretaz. Karabel eta Zikuñaga arteko errepideaz ere hitz egingo da. Udalak errekurtsoa aurkeztu du esanez Diputazioarengandik eskumena jaso aurretik Diputazioak, egin beharreko txukunketa obrak, ez dituela egin.