dOBERA Euskara Elkarteko urteko batzarra izan zen joan den ostiralean. Bertan Doberako eta Kronikako 2006ko memoriak eta 2007ra egitasmo eta aurrekontuak aurkeztu ziren. Zuzendaritza aldaketaz ere hitz egin zen eta zenbait proiektu mahai gainean jarri ziren.
Bazkideen arteko komunikazioa
Dobera Euskara Elkarteak 2006an egindako egitasmoak azaldu zituzten batzarrean. Dobera elkarteko ekimenen artean azpimarratzekoa da www.dobera.com web orriarena. 2006ko aurrekontuaren zati haundi bat ere web orrira bideratu da. Web orriak bazkide eta elkartearen arteko komunikazioa sendotzea du helburua, herritarrak elkartera gerturatzeaz gain. Momentuan, web orria itxuratzen bukatzen ari dira funtzio horiek betetzeko baliagarria izan dadin. Azpimarratzekoak diren beste ekimen batzuk dira: Solas eta jolas (begiraleek ikastetxeetako jolasgaraiak dinamizatzen dituzte euskaraz), Hala bazan (ikasleen artean irakurzaletasuna eta idazteko grina bultzatzeko ekimena) Gure artean euskaraz (euskaraz hitz eginez ikasteko euskaldun zaharrak eta euskara ikasi nahi dutenak jartzen dira harremanetan). Ekimen berri batzuk ere jarriko dira martxan. Besteak beste: Motibazio saioak (modu praktikoan egingo diren saioak euskararen erabilera bultzatzeko), bloga eta honi buruzko ikastaroa (herriko taldeek eta herritarrek beraien txokoa edukitzeko aukera izango dute Doberako web orrian) , gazteei zuzendutako egitasmoak, kultur eskaintzak, eta abar.
Hernaniko Kronika
Hernaniko Kronikako 2006ko balorazioa ere egin zen batzarrean. Bertan azaldu zen joan den urtean asteburuetan 4 orritik 8 orrirako salto egin zela. Horrekin batera azaldu zen, asteburuko formato honek informazioa sakondu eta sailkatzeko aukera eman duela, astean zeharreko orri bakarrak egunerokotasunari jarraipena egiten dion bitartean. Orri kopurua gehitzeak irakurleen artean harrera ona izan duela ere esan zuten. Horren adibidea dira Buruntzaldeko udalek lagunduta, Ikertaldek irakurleen artean egin zuen ikerketaren emaitzak, oso positiboak izan baitziren. Alderdi ekonomikoaren balorazioa ere positiboa izan zen. 2007ko erronkei dagokionean, formato aldetik Kronikak bere horretan jarraituko duela azaldu zuten, nahiz eta asteburuko 8 orriek ematen dituzten aukerak gehiago aprobetxatu nahi diren (gehigarriak, enkarteak..). Langileen baldintzak egokitzea ere onartu zen batzarrean.
Zuzendaritza aldaketa
Doberako zuzendaritza berria osatzeko bigarren deialdia bazkideen artean zabaltzea ere erabaki zen batzarrean. Bi hilabeteko epea jarri dute eta interesa duenak 943 332799 telefonoan edo www.dobera.com web orrian egin dezake bere proposamena. Larramendi 11ko bulegora ere jo dezake.
Bestelako proiektuak
Batzarrean aipatu ziren beste proiektu batzuk izan ziren Hamaika TB (euskarazko telebista digitala osatzeko proiektua), eta Hernaniko Euskal Gunea (euskara ardatz duen gune fisikoa).