Udaltzaingoa Agustinetako eraikin berrira aldatzea erabaki zuen Gobernu Batzarrak

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 2a, 02:00

Auzo elkarteen laguntza oinarriak, Haur Eskolako sukalde zerbitzu osagarria eta Izeneder-Bentatxuri bidea ere onartu dira.

GOBERNU Batzarra izan zen ostegunean Udaletxean eta bertan onartu zen, besteak beste, Udaltzaingoa Agustinetako eraikin berrietako bulegoetara aldatzea. Teodoro Zuloaga udaltzain buruak azaldutakoaren arabera, azkeneko ukituak falta dira bulegoa erabiltzeko moduan jartzeko eta nahi lukete Aste Santu aurretik edota pasa eta berehala aldatzea egoitzaz. Jakinarazi dutenez, telefono zenbakia ere aldatuko dute. Aldaketa egiten dutenean jakinaraziko dute zenbaki berria.

Haur eskola
Haur Eskolako jangela zerbitzu osagarria kontratatzea ere onartu da. Haur Eskola berrian ume kopurua bikoiztu egin da, 60tik 130 ingurura, eta lehengo udal sukaldariaz gain, beste pertsona bat kontratatu behar izan dute. Txema Mercado, Hezkuntza zinegotziak azaldutakoaren arabera, catering enpresa bateko langile bat subkontratatuko da, zerbitzu osagarrirako: ´gai honekin polemika izan da, baina catering enpresako langilea subkontratu da, Haur Eskolako sukaldeak huts egingo balu, argia moztu edo, katering enpresak janaria egiteko aukera emango lukeelako`. Auzo elkarteei diru laguntzak emateko arauak ere onartu dira. 2005-2006 legealditik daude arau hauek indarrean eta urtero onartzen dira. Izeneder-Bentatxuri bideko bigarren faseko obrak kontratatzea ere onartu da. Ereñotzuko bide hau legeak agintzen duelako egin dute, emergentzia kasuetako ebakuazioetarako. Orain 4X4ak pasatzeko moduan dago bidea, kotxeak ezin dira pasa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!