Karbonera etxeak aurreneko urteurrena duela eta, jaia izango da asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2007ko api. 1a, 02:00

Jon Zabaletak osatutako dokumentala ikusi ahal izango da eta azken urteetan Hernanin izan den espazio baten beharra du ardatz.

karbonera etxea okupatu zela urtebete egingo du apirilaren 4an, asteazkenean. Hori dela eta jai berezia prestatu dute. Arratsaldeko 20:00etan hasita, Jon Zabaleta artistak osatutako dokumentala jarriko da, Karbonera urtebete. Ametsa eta errealitatearen artean izenburu duena. Segidan, afari festa izango da, eta jam session moduko bat izango da, hau da, abestu edo instrumenturen bat jo nahi duena azaldu daiteke afalostea girotzera. Musika jartzaileak ere izango dira. Afarirako txartelak salgai daude, Kitto, Triponzi, Ongi Etorri eta Itsaski tabernetan, 4 eurotan.

2005etik honako herriko historia
Jon Zabaletak azaldu duenez, ordu beteko dokumental honetan azaltzen da, 2005etik 2006rako abendura arte herrian autogestiorako espazio baten beharraren buelta gertatu direnak: ´Pipirita etxea, Katanga-Sarajebo eta Gaztetxabolarekin lotutako gertakizunak azaltzen dira. Beti izan dugu leku baten beharra eta toki bila aritu gara. Gero leku hauek kendu edo suntsitu egin dituzte` azaldu du. Dokumentalak, hala ere, Karbonerako esperientziaren inguruan hitz egiten du nagusiki: ´urrian egin ziren festako bazkari eta emanaldiak, Karboneran elektrizitatea jarri eta abuztutik hona egin diren ekitaldiak, Zine Txiroaren sare barruko emanaldiak, Errepresio frankistari buruzko dokumental zikloa,... Dokumentala joan den 2006ko abenduan jabeen partetik jasotako kartaren aipamenarekin bukatzen da, etxea uzteko eskatzen du` azaldu du Jon Zabaletak. Dokumentala galdera edo erreflexio batekin bukatzen dela azaldu du egileak, ´ametsa eta errealitatearen arteko bidean nondik jo behar den` aipatzen du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!