Mendiriz mendi ZAILTASUN bereziko irteera antolatu du Mendiriz Mendik apirilaren 21 eta 22ko astebururako. Pirineoko 3.000 metrotik gorako mendi bat igoko dute, Taillon, Pirineoko neurri horretako errazenetarikoa. Hala ere, neguko materialarekin ibiltzeko ohitura izan behar da igoera honetan parte hartzeko.
Nola iritsi Hernanitik
A-8 autopista hartu eta Behobiaraino joan. Frantzian sartu eta autopistan jarraitu (orain A-63 deiturikoa). Baiona inguruan norabideko 5.1 irteera hartu. Aurkitzen dugun rotondan D1/E-80 autobidea, gero A-64 autopista izango dena, hartu. Autopista Lourdes-eko irteeran utzi (11garren irteera) eta D-940 nazionala jarraitu Argelés-Gazost-era iritsi arte. Bertan, D-921 errepidea hartu behar da. Errepide hori jarraituz, Luz St. Sauveur eta Grede ondoren, Gavarnie -era iritsiko gara.
Ibilbidearen deskripzioa
Taillon Pirineotako 3.000 metrotik gorako mendirik errazenetakoa da, udaran. Neguan ordea, gauza asko aldatzen da. Ordesako inguru hau mendi garaiez josia dago. Mendebaldetik etorrita, Pirineoko lehenengo 3.000 metroko ´mendi-hesia` hau da, Ordesa ingurua. Hori dela eta itsasotik sartzen diren hodeiek hemen askatzen dute daramaten euri edo elur gehiena. Beraz, ingurua oso elurtsua da. Horrez gain, ipar aldean dagoenez, hotz haundia egiten du eta izotza oso arrunta da. Horren lekuko hemen inguruan izotz eskalada egiteko dauden aukera zabalak. Gavarnie herriaren irteeran eskubira dagoen bidea hartu behar da. Igotzen hasi eta berehala Parke Nazionaleko eremuan sartuko gara. Igoeran Pouey d’Aspé izeneko etxola albotik pasatzen da (1.7000 m; 1:30 h). Bideak gorantz jarraitzen du eta eskubi aldera, mendebaldera, jiratzen hasten da. Tarte laburrean Vallé de Pouey d’Aspé-ra iritsiko gara. Bailara erdian, Soldats etxola dagoen parean (1.900m; 2:30 h), norabidea guztiz aldatu eta hego aldera jo behar da. Parez-pare ibilbideko desnibel handiena: zuzen-zuzen igo behar den 700 metroko desnibela. Maldaren goiko aldean, ia amaieran, Sarradetseko bidean dagoen errekaren pasartea dago eta ohikoa izaten da izoztua egotea. Izotza bada (ez elur izoztua) kranpoi eta pioletik gabe ezin da pasa. Zati delikatu hori pasa eta gero Sarradets-eko aterpera 10 minutu geratzen dira. Indarrak berreskuratzeko leku polita. Udaran oraindik glaziar txiki baten arrastoak geratzen dira aterpe inguruetan (2.589 m; 5:00 h). Hemendik aurrez-aurre Errolanen Ataka dugu. Gavarnie eta Ordesa bereizten dituen hormatzarra zeharkatzen duen pasarte bitxia. Horra igotzeko ere bidea zuzen-zuzen dijoa, baina oraingoan ibilia errazago egiten da, 200 metroko desnibela besterik ez delako. Ordu erdi eskasean bertan gara. Errolanen Atakara iristerakoan (2.807 m; 5:30 h) Espainiako aldera pasa eta eskubira egin behar da. Bazillac harkaitzaren azpitik pasa ondoren, Tailloneko azken hegira iristen da. Gandorra berez ez da zaila, baina elur izoztua edota izotza ohikoa denez, kranpoiekin eta pioletarekin ibiltzeko ohitura izan behar da. Tailloneko gailurretik (3.144; 6:30 h) izugarria da ikusten den ikuspegia: Vignemale, Gavarnieko zirkoa, Astazou-ak, Kaskoa, Monte Perdido, eta abar. Gailurrera igotzeko erabilitako bide berdina erabili behar da jaisteko. Mendian dioten bezala, jaitsiera igoera baino arriskutsuagoa izaten da. Gorputza nekatuta dagoenean egiten dira akats larrienak. Beraz, lasai-lasai eta kontu handiarekin behera egin behar da. Gailurretik Errolanen Atakarakoa da zatirik delikatuena. Eskiekin jaisten direnek ere hau dute lekurik zailena. Atakatik aurrera malda arriskutsua izan arren ez dago zailtasun berezirik. Eskiekin doazenak ziztu bizian jaitsiko dira herriraino, oinez doazenei oraindik beste 4-5 orduko jaitsiera geratuko zaie aurretik.