MARTXOAREN 2an sute batek Ergobiko organo fabrika zegoen eraikina kixkali zuen. Lantegi zaharraren bi pisuak kaltetu zituen suak eta goiko pisuko zati bat behera erori zen. Eraikinean jendea bizi zen arren, zorionez ez zen inor zauriturik irten ezbehar hartatik. Gertaera hura zela-eta organo fabrika albistegietan eta prentsako titularretan atera zen, eta aspaldi galdutako memoria segundo batzuez berreskuratu ahal izan zen. Askorentzat baina, ezezaguna zen eraikin historikoa. Izan ere, badira berrogeitaka urte lantegiak organoak egiteari utzi ziola eta egoera kaxkarrean zegoen jadanik. Eraikinaren atariari ondo erreparatu ezkero, oraindik bere izena irakurri zitekeen: Fª de Organos de Amezua y Cª. Hernani. Euskal Herrian azken mendean izan den organogile famatuenaren izena zeraman lantegiak, Aquilino Amezua Jauregi. Berak sortu zuen organo fabrika 1912an eta mende erdi baino gehiagoz musika tresnak egiten jardun zuten bertan diszipuluek.
Organogile handi baten ibilerak
Aquilino Amezuaren izena Euskal Herriko musikaren historiarako geratuko da betirako. Izan ere, aditu guztiek bat egiten dute esatean bera izan zela azken mendeetako organogilerik handiena. Bere sinadura munduko organo esanguratsuenen atzean dago: Sevillako katedralekoa, Bartzelonako erakusketa unibertsalekoa, Santa Fe Bogotakoa (Kolonbia)... Gainera, organogile belaunaldi baten maisu izan zen eta organoen gainean zuen jakintza abileziaz erakutsi zien bere ikasleei. 1847an jaio zen Azpeitian. Aita eta aitona organogile zituen, beraz, ez zuen zaila izan ofizioan trebatzea. Hala ere, lehenik Parisen, Londresen, Alemanian eta Suitzan ibili zen organoak egiteko teknikak ikasten. XIXgarren mende amaieran organo produkzioa indarberritu egin zen, krisi sakon bat jasan eta gero. Ordura arte nagusi izan zen organo barrokoak bidea libre utzi zion estilo erromantikoari eta Frantziako Cavaillé-Coll bezalako maisuek teknika eta estilo berezi hori mundu osora zabaldu zuten. Baina mundu polifoniko horren zilborrera joateko ez dugu inora mugitu beharrik. Izan ere, Gipuzkoan inon baino organo erromantiko gehiago egin edo ekarri arazi zituzten; besteak beste, Aquilino Amezuaren bultzadari esker. Amezua familiak Valentzian eta Bartzelonan tailer bana zituen (Aquilinoren anaiak organogile ziren, arbasoen tradizioari jarraiki) eta organogile azpeitiarra bi hiri horien artean aritu zen lanean ikasketak burutu ostean. Hain zuzen, Kataluniako organo garrantzitsuenak Amezua familiak eginak dira, Montserrat santutegikoa, esaterako. Gauzak horrela, 1892an lehenengo emaztea hil zitzaionean, Azpeitira itzultzea erabaki zuen, bere tailerrak Mediterraneoan mantendu zituen arren. Urte batzuen ondoren, Pasai San Pedron jarri zuen Amezuak organo tailerra (bertan egin zuen Sevillako katedralerako organoa, eta Espainiako erreginaren bisita ere jaso zuen lantegian). 1904an anaiak Azpeitian zuen tailerrera pasa eta bigarren aldiz ezkondu zen.
San Joan Bautista elizako organoak 100 urte
Azpeitian zegoela Murtzia eta Oviedoko katedraletarako organoak egiteko enkargua jaso zuen, bere lana estimatzen zen seinale. Espainiako hiri garrantzitsuentzat egiteaz gainera, Euskal Herriko herri askotako organo paregabeak ere Amezuak egin zituen eta horien artean aurkitzen dugu Hernaniko San Joan Bataiatzailearen elizakoa, Azpeitiko tailerrean egina 1907an. Ez da organo haundia eta monumentala; Oñati, Bera edo Errenterikoaren tamainarik ez du, baina bere kategorian onentsuenen artean dago. Organoen ezaugarrietako bat da hainbat teklatuz osaturik egotea; bada Hernanikoak eskuzko bi teklatu ditu eta hainbat aldiz errestauratua izan da joan den mende honetan.
Amezua Hernanira
Ez dakigu zehazki zergatik erabaki zuen Aquilino Amezuak bere tailerra Hernanira ekartzea. Egoitza soziala Donostian zuen enpresak, baina tailerra Ergobin kokatu zuten (enpresaren logoan Hernaniren izena azaltzen da). Amezuak bi soziorekin batera sortu zuen Ergobiko fabrika, Leocadio Galdos nafarra eta Luciano Caucual atxabaldarra. Dena dela, Aquilino Amezuak ez zuen Ergobin ezer askorik egiteko denborarik izan, tailerra bertara eraman zuten urte berean zendu baitzen 66 urte zituela. Amezua hil zenean, haren sozioak eta alarguna banandu egin ziren. Horrela, Mikaela Nazabal Azpeitiko tailerrarekin geratu zen eta Galdos eta Caucualek Hernanikoan jarraitu zuten. Bi enpresen arteko tentsioa nabaria izan zen urte luzez, biek aldarrikatzen zuten-eta Amezua firmaren oinordekotza. Horrela idatzi zuten Amezuaren sozioek prentsan: Etxe honek ez du inolako zerikusirik orain gutxi sortu den beste batekin, ‘Viuda e Hijos de amezua y Cª’ izenekoa. Bere ondasunak utzi zizkien, baina ez lantegiaren ondorengotza.
Ergobiko fabrikan egindako lana
Ergobiko fabrikak 50 urte baino gehiagoz segitu zuen martxan. Leocadio Galdos eta Luciano Caucualez gain, bertan egin zuten lan Jose Maria Galdos, Manuel Sancho eta Usabiaga anaiek, Hernanikoak bi hauek. Lantegiak ez zituen, Azpeitikoak ez bezala, organo handiak egin, eta bertan ez zen gonbidatuen aurrean organoen aurkezpen kontzerturik eman. Dena den, kalitatezko organoak ziren fabrika hartan egindakoak. Lehenengo organoa Siguenzako katedralerako egin zuten eta horren ondoren beste 60 bat etorri ziren, Espainia eta Euskal Herrirako: Palma de Mallorca, Zaldibia, Ziga, Zizurkil, Iruñea, Aia, Donostia, Goizueta, Erandio... Horietan guztietan Hernanin egindako organoen soinua entzun daiteke gaur egun. Amezua y Cia-k egindako azken lana Zamudioko organoa errestauratzea izan zen, 1965an. Orain, soinu tresna erregearen arnasa elizaren ganga artean entzun dezakegu; azken batean, Amezuak eta bere ondorengoek Ergobin egindako lanari esker.