hernanik nahikoa zituen 10 tanto, azken partiduan Irurtzuni finala irabazteko, baina ezinezkoa izan zen, naparrek izugarri jokatu baitzuten. Lehen partidua 7-22 irabazi zieten Arrietak eta Bolinagak Irurtzuni; bigarrenean, partidu gogorra jokatuta irabazi zuten 20-22 irurtzundarrek, Mendizabal eta Esnaolaren kontra; hirugarrenean, 10 tanto egitea nahikoa zuten Ojuel eta Gorrotxategik, baina presio izugarriarekin atera ziren eta 22-4 galdu zuten, ezin hobeto jokatu zuten irurtzundarren aurka.
´Txapelketa aparta egin dugu`
Felix Zabala Hernaniko delegatuak pisua kendu nahi izan zion atzo galdu izanari, eta Hernaniko taldearen lanarekin ´izugarri gustora` daudela azpimarratu zuen, ´txapelketa aparta egin dute sei pelotariek`.
Irurtzundarrak ere oso gustora zeuden txapelketarekin. Inazio Martiarena taldeko delegatuak azpimarratu zuen ´ohore bat da guretzat txapelketa honetan jokatzea eta nola ez, irabaztea; uste baino hobeto jokatu dugu. Garaipen honek taldeari indar haundia emango dio`.
Berria egunkariko Martxelo Otamendi zuzendariak Kronikari adierazi zionez ´txapelketa oso ondo joan da, guri eskerrak baino gehiago antolatzeaz arduratu diren pelota taldeei eskerrak. Gu oso gustora gaude, txapelketa garrantzia haundia hartzen ari da pelota munduan eta hori da gure helburuetako bat. Bestalde, pelota elkarteekin izan dugun hartu emana ezin hobea izan da`.