Extremadurako jardunaldien egun haundia izan zen atzo Atsegindegin, eta plaza estaliak zerbitzu ona eman zuen berriz ere, euria euri, giro ona sortu baitzen. Eta horretarako ez dago bertako kutixiak aukeran jartzea bezalakorik: txorixo, urdai azpiko, gazta, ardo, buñuelo, denetarik dastatzeko aukera izan zuten goiz eta arratsalde, inguratu zirenek eta Extremadurari buruzko informazioa ere jarri zuten, aukeran, Aste Santuko oporretan edo udan bertara inguratu nahi dutenentzat. Intxaurrondoko Extremadurako Zentroko lehendakaria den Santiago Gilek balorazio ona egin zuen atzo eguerdi aldera, urteroko moduan erantzun ona izan baitu aurtengo edizioak ere. Izan ere, Intxaurrondoko Extremadura Zentroa da Hernaniko festa antolatzen duena, eta Hernaniko zenbait lagun ere baditu bazkideen artean.
Larunbatean emanaldiak
Larunbatean, Extremadurari buruzko bideo emanaldia eta poesia errezitaldia izan ziren Biterin. Urteroko emanaldiak dira hauek ere, eta giro berezia sortzen da. Horrez gain, Santiago Gilek adierazi digunez, urtero antolatzen dute bidaiaren bat Extremadurara eta handik hona ere etortzen da jendea, truke horretan. Hurrengo festak ekainean izango ditu Extremadurako zentroak: batetik Irunen antolatuko dute Extremadura eguna eta Etxe erregionalen egunean ere izango dira Donostian.
Virgen de Guadalupe, Extremadurako musika eta dantza talde bakarra
Virgen de Guadalupe taldearen dantza eta musika emanaldia izan zen atzo Atsegindegin. Extremadurako Zentroaren bueltan sortutako taldea da, Extremadurako kanta eta dantzak oinarri dituena. Garai batean gehiago izan arren, Gipuzkoan horrelako talde bakarra gelditzen da Gilek baieztatu digunez, eta Euskal Herri guztian ere 4-5 besterik ez dira dagoeneko. Jendeak atsegin haundiz hartu zituen beren emanaldiak.