Bai Euskal Herriari herri ekimena Hernaniko talde eta eragileen babesa biltzen aritu da ´oinarrizko eskubideen aldeko adierazpen baten inguruan` eta atzo aurkeztu zuten prentsaurrean babes hori, Biteri kultur etxean. Herriko 28 talde eta eragile izan dira babesa eman dutenak eta atxikimendu horrekin ´hemendik aurrera egin beharreko lanaren lehen harria jarri nahi izan dugu`, BEHk adierazi duenez. Ekimenak uste du herritar gehienak bildu litezkeela oinarrizko adierazpen horren inguruan ´nahiz eta zenbait taldek atxikimendu honi ezezkoa eman. Konbentzituta gaude talde hauen ezezkoa egoera politikoak baldintzatutako erantzuna izan dela, beraz seguru gaude aurrerantzean eraikiko ditugun bideetan talde guztien elkarlana eta laguntza izango dugula`, azpimarratu dute. Ekainerako Naziotasun eguna ari da antolatzen BEH taldea eta bitarte horretan, sinadura bilketa hasiko du hernaniarren artean, talde eta eragileek babesa azaldu dioten testua oinarri hartuta.
Eskubideen defentsa eta gauzatzea
Urteak dira BEH ekimena martxan jarri zenetik eta urte guzti horietan ´Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubideen defentsa eta eskubide hauek gauzatzea` izan da lanaren helburua, atzo prentsaurrean nabarmendu zutenez. Naziotasunaren inguruko beren ikuspuntua azaldu zuten: ´Naziotasunaz hitz egiten ari garenean, eskubideez hitz egiten ari gara, alde batetik Euskal Herriak berak dituen eskubideez eta bestetik euskal herritarrok ditugun eskubideez. Honela, zazpi lurraldez osaturiko eta bere hizkuntza modura euskera duen Euskal Herriak, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu; modu berean, hezkuntza propio bat edukitzeko duen eskubidea, komunikabide propioak edukitzeko eskubidea, kirol selekzio propioak edukitzeko eskubidea, egutegi propioak edukitzeko eskubidea, hau da, nazio bat izateko duen eskubidea aldarrikatzen dugu. Bestalde, Euskal Herria nazio bat den heinean, euskal herritarrok gure euskal naziotasuna onartua izan dadin daukagun eskubidea aldarrikatzen dugu`.
Pausu kualitatiboa
BHEk pausu kualitatibo bat emateko momentua dela uste du ´Naziotasun eskubidearen aldeko borrokan` atzo azaldu zutenez, ´herriko sektore desberdinetan lanean jardun duten taldeen arteko elkarlanaren beharra` ikusten dute eta helburu horrekin egin dute atxikimendu bilketa.
Aberri Egunerako deia
Apirilaren 8an Aberri Eguna izango da eta Hernaniko BEH ekimenak dei egin die herritarrei ´apirilaren 8an etxean geldi ez daitezen eta euskal naziotasuna aldarrikatu dezaten`. ´Euskal Herritar` sentitzen denaren eguna dela azpimarratu dute eta Aberri Eguna ´aldarrikapenak plazaratzeko` egun aproposa dela.
Babesa eman duten talde eta eragileak
Natza, Langile Ikastola, Euskal Herrian Euskaraz, Ttarla dantza taldea, Molotoff irratia, Berriak, Bildu Hernani, Elizatxoko klaustroa, Hernaniko errugbi taldea, Segi, Dobera Euskara Elkartea, Ate Joka, AEK, CDH Futboleko Zuzendaritza, Hernaniko Pelota Elkartea, Batasuna, IES Hernani (Institutua eta EPO Ikastetxeak), Askatasuna, Kantuz Abesbatza, LAB, Elkartzen, Iraulio Panttalone Bertso Kabiya, Askapena, Urumea ikastolako zenbait irakasle, Euskal Herriak Bere Eskola, Senideak, Gazte Asanblada eta Hernaniko haur eskola.