Hernani-Irurtzun gaur Urnietan, berri ona zeinek emango

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 31a, 02:00

Hernaniko taldea Urnietan ariko da gaur IVgarren Berria txapelketa irabazteko asmoarekin. Parean Irurtzun izango dute, faboritoa, nahiz eta hernaniarrek bere ´etxean` jokatu. Finala Hernanin zen jokatzekoa, baina kiroldegian frontoiko obrak bukatu ez direnez, Urnietan jokatuko da. Kadeteen partidua 16:30etan hasiko da, eta ondoren jubenilek eta nagusiek jokatuko dute.

Gakoa kadete eta jubeniletan
Hernanik Irurtzun jo du faborito, eta irabaztekotan, kadete eta jubenil mailako partiduak irabazi beharko dituztela diote. Kadeteetan, Arrieta-Bolinagak Ansotegi-Pazosen kontra jokatuko dute. Jubeniletan, Mendizabal-Esnaola eta Idoate-Galarza izango dira nor baino nor. Nafarrak pelota ondo ´astintzen` dutenak dira eta hernaniarrak, berriz, trebeagoak tantoa bukatzen. Bi partidu hauek nahiko irekiak daudela esan daiteke. Nagusietan dago, ordea, aldea. Ollo-Mariñelarena bikote nafarra Euskal Herriko txapelduna da eta Ollo enpresa profesionalen jopuntuan dago. Hala ere, tantoak frontoian egin behar dira eta Ojuel eta Gorrotxategik ez dute aldez aurretik amore emango. Hernanik nabarmendu du, herriarteko finalean bezala, pelotariek herritarren arnasa eta txaloak beharko dituztela garaipena lortzeko eta jendea animatu du joatera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!