Milakabilaka ekimena sortu berri da Euskal Herriak bizi duen gatazka konpontzeko herritarren ekarpen modu gisa eta lehengo ostegunean Buruntzaldeko herritar desberdinak elkartu ziren Oialumen ekimenari babesa emateko. Ekimenak dio gatazka politikoa gainditzeko prozesua krisi egoeran dagoela, eta ´ezinbestekoa` dela herritarren ekarpena. Milakabilaka osatzen dute ´iritzi ezberdinetako norbanakoek` eta parte hartzaileek ´beren burua ordezkatzen dute`, osteguneko ekitaldian azaldu zutenez. Gatazka konpontzeko prozesuak aurrera egin dezan berme eta presio modu izan nahi du Milakabilakak, ekitaldian azaldutakoaren arabera.
Errespetuan oinarritua
Milakabilakak ´errespetua` ardatz duten zenbait eskari egiten ditu gaztazka konpontzeko bidean:
- Errespetua, euskal herritarren erabakiari. Euskal Herriaren etorkizunaz erabakitzeko ahalmena euskal herritarrei, gizon zein emakumeoi, dagokie.
- Errespetua, herritar guztien eskubideei. Konponbideak eskubide guztiak onartzea dakar, norbanakoaren eskubideak zein eskubide kolektiboak.
- Errespetua Euskal Herriari. Konponbidea lortuko bada, Euskal Herri osoa aintzat hartu behar da, egungo zatiketaz haratago, Euskal Herria osotasuna baita.
Buruntzaldeko herritarrak
Buruntzaldeko herritarrek beren babesa eskaini zieten joan den ostegunean ekimenari. Hirurogei lagun inguru elkartu ziren Oialumen eta argazkia atera aurretik ekimenaren berri eman eta iritzi tartea ireki zen bertan. Jendeak bere ideiak eta kezkak azaldu zituen eta joandako herritarrak berak izan ziren erantzuna ematen saiatu zirenak: ´gizartearen parte hartzea bilatu behar da, politikoei eskatu behar zaie elkarrekin bildu eta konponbideak bilatzeko, akordioa lortzeko presio modu bat da, ez etiketatzea ezinezkoa da baina anitza behar du` eta abar izan ziren azaldutako ideiak eta galdera batzuk ere egin zituzten herritarrek: ´nola egin liteke lan eraginkorra?, zerk bereizten du Elkarri izan zenetik?, politikoei ezezik ETAri ere zerbait eskatu behar zaio?` eta abar.
Apirilaren hurrengo
bilera Biterin
Hurrengo bilera apirilaren 17an izango da Biterin. Horrez gain autobusa dabil herriz herri, eta jendearen atxikimendua irudikatzen duten argazkiak ateratzen.