«Saltzen dugun arropa guk geuk diseinatzen dugula da gure berezitasuna»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 31a, 02:00

Nola hasi zineten arropa diseinuaren munduan?
Aitzol Goikoetxea: Duela 4 bat urte hasi nintzen eskuz pintatutako kamisetak egiten, lagunentzat eta inguruko jendearentzat. Añorgan aritzen nintzen eta auzoko kartel eta bestelakoak ere neuk diseinatzen nituen. Diseinu eta serigrafia ikasketak egin nituen gero. Artelekun hasi nintzen serigrafia egiten. Ainhoa aspalditik ezagutzen nuen eta banekien serigrafia egindakoa zela. Biak batera hasi ginen kamisetak egiten duela urte pare bat. Ainhoa Lujanbio: Añorgako garaje batean egiten genituen kamisetak, eta gero saldu. Jendeari gustatu egiten zitzaizkion eta galdetzen zigun ia non erosi zitezkeen, ia non genuen denda. Eta guk ez genuen horrelakorik. Ondarrun egiten duten Zapatu Azule jaian ere izan ginen, ekaineko azken larunbatean egiten dena, eta postu bat jarri genuen gure kamisetekin. 100dik gora kamiseta saldu genituen. Postu guztietako kamiseten artean egiten den lehiaketan ere sari bat atera genuen. Orduan ere jendeak galdetzen zigun ia non erosi zitezkeen kamisetak. Jendeak galdetu egiten zuela eta animatu ginen denda irekitzera.

Zertan oinarritzen zarete zuen arropa diseinatzerakoan?
Aitzol Goikoetxea: Kamiseta, gona eta bestelakoetan, sartzen dugu beti abesti baten edo olerki baten zati bat. Gero horrekin lotutako irudi bat sartzen diogu, argazki edo marrazki batetik ateratakoa. Diseinuak ere arroparen formatuaren araberakoak egiten saiatzen gara, hau da, jantziaren formatua kontuan hartzen dugu marrazkia non kokatu erabakitzerako garaian, ez dugu besterik gabe, marrazkia kamisetaren erdian jartzen. Ainhoa Lujanbio: Orain aztertzen ari gara ia kamisetak, gonak eta bestelakoak, forma aldetik ere, guk diseinatzea. Arroparen formatuarekin jokatu nahi genuke eta zerbait berezia egin. Formatu berezia duen arropak aurkitzen zaila da, bestela.

Azalduko zenukete zein den zuek diseinatutako jantzi bat egiteko prozesua?
Aitzol Goikoetxea: Lehendabizi marrazki, argazki, eta testuarekin diseinua egiten da ordenagailuan. Irudi horretatik fotolito bat atera behar da. Gero pantaila bat egin behar da. Pantaila hori erabiltzen da arropa serigrafiatzeko.

Diseinu eta serigrafia munduan jende asko dabil gaur egun, nola egiten da norbere lekua aurkitzeko mundu honetan?
Aitzol Goikoetxea: Egia esan gu ez gara jendearen bila joan, ez dugu propaganda gehiegirik egin ere, jendea etorri zaigu galdezka. Lagunek ere asko lagundu digute, haiek izan dira propaganda gehien egin digutenak. Bestela, zerbait berezia egiten saiatu gara.

Eta zer moduzko harrera izan du dendak?
Aitzol Goikoetxea: Abenduan ireki genuen denda (Karmelo Labaka 4). Gabonetan oso ondo saldu genuen. Orain web orria prestatzen ari gara, www.aiko-maiko.com helbidean. Katalogo berri bat ere ari gara prestatzen, eta datorren negurako diseinuak eta arropak aukeratzen ere bai. Herriko talde batek, Euskal Herrian Euskaraz taldeak, bere kamisetak diseinatzeko ere eskatu zigun. Piropo lehiaketako piropo finalistarekin ere kamiseta bat osatzeko eskatu digute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!