«Venezuelako auzoetan pobrezia haundia da eta haurrak eta gazteak dira lehenengo biktima»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 31a, 02:00

Idoia Braceras hernaniarra 1994an joan zen Venezuelara, boluntario lanak egitera. Ikasketak bukatuta Hego Ameriketara joan nahi izan zuen boluntario lanera eta Venezuelan bilatu zuen aukera, Euskal Jesuita ugari baitago bertan eta Loiolako Jesuitekin harreman zuzena baitute. Urte hauetan proiektu desberdinetan aritu da lanean eta gaur egun Huellas gazte mugimenduko proiektuetako koordinatzailea da. Hernaniko udalak diruz lagundu du Casa de Los Muchachos zentroan ordenagailu berriak erosteko egitasmoa eta horren bueltan bi hitzaldi eman ditu hernaniarrak, astearte eta asteazkenean. Hernaniko Kronikari Venezuelako egoera orokorra eta Huellas gazte mugimenduaren helburuak eta lana azaldu dizkio.

Pobrezian bizi den herrialde aberatsa
Venezuelan pobrezia haundia da eta pobrezia hori hiri haundietako auzoetan biltzen da neurri haundi batean. ´Aberatsak eta pobreak daude, ez dago erdi biderik` azaltzen du Bracerasek. Egoera honek tentsio izugarria sortu du herrialdean, eta pobrezia egoera horretan iritsi zen Chaves boterera orain hamar bat urte. Horrek erdi eta goi klaseak urduri jarri ditu hernaniarraren hitzetan eta Venezuelatik alde egiten ari dira. Izan ere, pobrezia egoera horretatik atera nahi du herrialdea Chavesek, behartsuenei irtenbiderik eman ez dien garapen eredua aldatu. Egoera iraultzea oso zaila dela iritzi arren, Chaves ´kontzientzia sortzen ari da, horren alde lan egitea denon konpromisoa dela esatean`. Petroleo asko duen herrialdea da berez Venezuela, aberastasuna izan bai, baina gaizki banatua duena, eta horren erakusle da inguruko herrialdeei mailegu gehiago eman diela Chavesen gobernuak Munduko Bankuak berak baino. ´Estatu Batuetako gobernua urduri dago egoerarekin, berak Iraken zentratu diren bitartean Venezuelak lanean jarraitu baitu eta Morales, Correa eta Castrorekin zubiak sortu` nabarmendu du. Venezuela pobreziaren zulo horretatik aterako ote den galdetuta, zaila dela uste du Bracerasek ´ezin da pobrezi horretan bizi, baina ez da egun batean aldatuko den gauza`.

Auzoetako haur eta gazteekin lanean
Huellas gazte erakundea 1989an sortu zen ´Venezuelan eztanda soziala izan zen garaian`. Alor desberdinetan egiten du gaur egun lan Jesuiten inguruko mugimendu honek, beti ere bi zutabe oinarri hartuta: bata jendea baloreetan kontzientziatzea; eta bestea konpromiso soziala. Auzoetako haur eta gazteekin egiten dute batez ere lan, pobrezia egoera honetan ´biktima nagusiak berak baitira`. Pobrezia egoerari delinkuentzia eta drogaren arazoa erantsi behar zaizkio Caracas bezalako hiri bateko auzoetaz hitz egitean Bracerasen hitzetan, eta hor haur eta gazteak dira arriskurik gehiena dutenak. Casa de los muchachos deritzaiona da proiekturik berriena. Auzoetako gazteen egoerara iristea da proiektu honen helburua, auzoetako lanean oinarritutako komunitate zentro honen helburua. Hasiera batean hiru zentro egitekoak zituzten Chavesen gobernuak emandako diruarekin. Baina hartu-eman nekeza da Gobernuarekin izan beharrekoa, eta inflazioa hain haundia denez, diruak balioa izugarri galtzen du denbora gutxian. Beraz, dirua agindu zietenetik eman zietenera hiru zentroak baten zati bat bihurtu ziren. Baina Alemaniatik lortutako diruarekin obrei jarraipena eman eta Hernaniko udalak emandako 13.900 euroko laguntzarekin teknologian inbertitzeko aukera izan du Huellasek. Orain arte 115 haur eta gazteri eman die zerbitzua, baina laster 250 inguru izango omen dira. Eta honek ez du mugarik ´geroz eta lan haundiagoa baitago` eta antolatzeko ahalmenak eta ahalmen ekonomikoak baldintzatuko du, zerbitzuen kopurua eta kalitatea.

Kontu Korrontea laguntza
eman nahi dutenentzat

Hernanin izandako sentsibilizazio hitzaldien helburua ez zen dirua biltzea, baina hitzaldi ondorenetan asko izan da Idoia Braceras berarengana eta 3garren Adina 3garren Mundua GKEko kideengana laguntza nola eman galdezka inguratu den jendea. Euskadiko Kutxan kontu bat ireki dute 3. Adina 3. Munduak eta Idoia Braceras berak Venezuelako proiekturako laguntza eman nahi duen jendeak dirua eman ahal izateko:
3035 0025 85 0250097962

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!