Xabat Otxotorena Castilla eta Leonen, munduko onenekin batean

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 28a, 02:00

Lehen bi etapak pasa dira eta Karpets eta Ventosok irabazi dituzte. Gaur, Salamanca-Valladolid 147,6 km-rekin.

Castilla eta Leon txirrindulari proba ospetsua herenegun hasi zen eta Xabat Otxotorena bertan da, Orbea taldearekin batean. Orain hurrengo, Vaucluseko hiru egunetan parte hartu du hernaniarrak eta bertan egindako paper ona errepikatu nahiko du Castilla eta Leonen ere, baina ez da erronka erraza izango, munduko txirrindulari onenetako askok hartzen baitute parte lasterketa honetan: Basso, Leipheimer, Sastre, Pereiro, Zubeldia edo Gil besteak beste; gehienak sasoi punturik onenean egongo ez badira ere, maila altuko txirrindulariak dira.

Gaur hirugarren etapa

Astelehenean hasi zen itzulia erlojuaren kontra. Zamora-Zamora 10 km-ko lehen etapa Vladimir Karpets Caisse D’Epagne taldeko txirrindulariak irabazi zuen eta Otxotorena 94garren izan zen. Atzo Zamora-Salamanca 157 km-ko etapa jokatu zen eta Ventosok irabazi zuen sprintean. Xabat Otxotorena eguneko ihesaldi nagusian sartu zen, beste 7 lagunekin batean, baina, esprinterren taldeek kontrolpean eduki zuten karrera eta harrapatu egin zituzten. Hala ere, saiakerak erakusten du hernaniarra ez dela itzulia bukatzera bakarrik joan eta sasoi puntu onean dagoela. Azkenean, 108garren postuan sartu zen, irabazlearengandik 23 segundotara. Gaur, berriz, Salamanca-Valladolid etapa jokatuko dute eta bihar eta etzikoak izango dira etaparik gogorrenak: bihar Navacerrada portuan bukatuko da etapa eta ostiralean lehen mailako portu bat eta bigarren mailako beste bat igo beharko dituzte, aurtengo Castilla eta Leon itzuliari bukaera emateko.

Zortzi txirrindulariko taldea

Alvaro Gonzalez de Galdeano zuzendariak zortzi txirrindulariko taldea eraman du Castilla eta Leonera: Xabat Otxotorenarekin batean dira Josu Agirre, Julen Zubero, Javier Aramendia, Ivan Melero, Iñigo Lazkano, Juan Jose Oroz eta Aaron Villegas. Euskaltel Euskadi taldearen filiala ere baden Orbea talde honek esperientzia gutxiko txirrindulariak ditu asko, baina ilusio haundikoak. Eta horixe dute lasterketa hauetako beren arma, lanerako gogoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!