Extremadurako kultura eta jakirik preziatuenak asteburuko jardunaldian

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 28a, 02:00

Larunbatean bideoa eta argazki emanaldia izango da Biterin eta jarraian poesia. Igandean festa Atsegindegin egingo dute, jaki, dantza eta bestelakoekin.

ASTEBURUAN Hernanin Extremadurako folklorea, ohitura eta kutixiak bertatik bertara ikusi eta dastatu ahal izango dira. Urtero garaitsu honetan egiten duten bezala, 15garren Extremadurako Jardunaldiak antolatu baititu Donostiako zentroak, larunbat eta iganderako. Larunbatean, Biterin, 19:30etatik aurrera, Extremadurako altxorrak ikusi ahal izango dira bideo eta argazkitan, bai paraje eta baita kultura ondareari dagozkionak ere. Segidan Extremadurako zentroak bazkide diren Emiliano Gañan eta Antonio Davilaren poesia errezitaldia izango da. Igandean, goizeko 10:00etan hasita, egun guztiko jaialdia antolatu dute Atsegindegin. Extremadurako produktuak, artisau erakusketa, musika eta dantza, Extremadurari buruzko informazioa eta abar izango dira Atsegindegiko aterpean.

1978tik martxan

Festa, Donostiako zentrotik antolatzen da, Hernanin ez baitago halako zentrorik. Bertako lehendakaria den Santiago Gilek azaldutakoaren arabera, Donostiakoa izan zen Gipuzkoan sortu zen aurreneko Extremadurako zentroa, 1978an. Garai hartan Grosen zuten egoitza, baina gaur egun Intxaurrondon daude. Gaur egun, Donostikoaz gain, badaude beste zentro batzuk ere, Andoainen, Lasarten, Errenterian eta Zarautzen, esaterako. Donostiako zentroan, Irun, Errenteria, Hernani, Donostia eta Urnietako bazkideak daude, batez ere. Guztira 450 bat bazkide dira. Donostiako zentroan urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldien artean, Santiago Gilek aipatu ditu apirila hasieran Hernanin egiten diren jardunaldi hauek eta Irunen ekaina hasieran antolatzen dituzten jardunaldiak. Horrez gain, ekaineko aurreneko igandean, Donostian, herrialde ezberdinetako zentroekin festa egiten dute: Burgos, Galizia, Aragoi, Katalunia, Extremadura, Andaluzia eta Errioxako zentroekin, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!