Auzoetako jaiak eta kultur ekitaldiak antolatzeko diru laguntza eskaerak egiteko epea zabalik

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 27a, 02:00

Auzoetako jaiak eta kultur egitarauetarako diru laguntzak emateko oinarri bereziak onartu zituen martxoaren 1eko Gobernu Batzarrak eta atzoko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren. Horren arabera, eskabideak apirilaren 25a aurretik egin behar dira. Dokumentazioa hartu eta entregatu Hernaniko Udaleko erregistro orokorrean egin behar da, 09:00etatik 13:00etara. Informazioa, berriz, www.hernani.net helbidean dago.

Kultur jarduera eta festak
Araudi honen arabera kultur jarduera eta programen kasuan, diruz lagunduko dira ´jarduera kulturalak sustatu eta zabaltzeko programak, edo ekintzak, kultur erakundeek prestatutako argitarapen edo jaialdiak, dantza, antzerkia, folklorea, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, liburutegiak eta abarrekin zer ikusia dutenak`. Auzoetako jaiak ere diruz lagunduko dira.

Partidak onartuta
2007an kultur programetarako 37.934 euroko kopurua dago onartua. Auzoetako jaietarako, aldiz, 19.115 euroko partida dago onartuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!