Hernaniko pelotariak Berria txapelketako finalean sartu ziren atzo, Baztango Txarutari 2-1 irabazita, eta Irurtzunen aurka jokatuko dute finala datorren asteburuan. Atzo Altzan Arrieta-Bolinaga kadeteek erabaki zuten kanporaketa, 22-1 irabazita. Jubeniletan Mendizabal antzuolarrak eta Eñaut Esnaolak ez zuten irabazi (19-22) baina oso partidu ona jokatu zuten. Nagusietan, Ojuel-Gorrotxategik 5 tanto egitea nahikoa zuten finalean sartzeko eta partidua irabazi zuten (22-19) bukaeran oso tantu politak eginda gainera (17-17a Gorrotxategik eta 21-19a Ojuelek). Atzoko albiste txarra Gorrotxategiren esku eskubiaren egoera izan zen. Atzelariak minduta zeukan eskua eta izotza jarrita zebilen partidua ondoren. Hala ere, espero du finalean izatea eta aipatu zuen, Irurtzungo bikote indartsuari irabazteko, eskua ondo eta ´egun ona` ere beharko dutela.
Finala Urnietan edo Tolosan eta agian ETB-n
Finalean aurkari gogorra izango du Hernanik, Felix Zabala delegatuak esan zuenez; Irurtzun izango da eta Zabalak haiek jo ditu faborito: ´herenegun Zugarramurdin ikusi nituen eta hiru bikote oso indartsu dauzkate. Bereziki zaila izango da jubeniletan eta nagusietan irabaztea`. Finala datorren asteburuan jokatuko da, baina oraindik ez dakite larunbatean edo igandean, eta Urnietan edo Tolosan izango den. ETBk finala emanez gero, Tolosan izango da eta, gaur eguerdian dira hori jakinaraztekoak.