«Bertsoa eta antzerkiaren artean bada oraindik gauza berriak bilatzeko esparrua»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 25a, 01:00

Bertsotranpak ikuskizuna eskainiko dute gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera Atsegindegin Andoni Egañak, Fredi eta Xabi Payak eta Ander Lipusek. Bertsoa, antzerkia eta musika elkartzen dituen ikuskizun berezia da. Tranpak prestatzeaz arduratu den Ander Lipusekin hitz egin dugu, bertsoa eta antzerkiaren harremanaz eta arte eszenikoek gurean bizi duten egoeraz.

Nola sortu zen Bertsotranpak ikuskizuna egiteko ideia?

Orain dela bi urte Bilboko euskera talde batek eskatu zigun zerbait berezia egiteko Andoni Egañagaz eta Igor Elortzagaz. Tartean Zea Mays taldea ere sartu genuen eta ni aktore moduan eta gai-jartzaile aritu nintzen, horretarako pertsonaia batzuk sortuta. Ikuskizunak Irudimenaren merkatua izena zuen eta harrezkeroztik, jendeak ikusi eta emanaldiak egiteko eskatzen hasi ziren, batez ere Algortan. Andoni Egaña bera gustura geratu zen eta esan genion prest bazegoen berriz egingo genuela Algortan. Ikuskizunaren titulua eskatu zidaten eta nik Bertsotranpak jarri nion.

Egañatarrak Payatarren kontra ariko dira.

Nire asmoa hasieran Egaña eta Algortako bertsolariekin zerbait egitea zen, gero Payatarrak agertu ziren eta orduan desafio moduko bat asmatu nuen: Payatarrak Egañatarren aurka. Harrezkero hainbat esperimentu egin genituen forma emateko. Azkenean Lankuk hartu zuen eta orain noizean behin, hilean bi-hiru alditan edo, emanaldiak egiten ditugu.

Ikuskizunak bertsoa, antzerkia eta musika uztartzen ditu. Zaila izan da hiru diziplinak elkartzea?

Bai, eta oraindik nik uste asko falta dela zentzu horretan. Aurrerapausu batzuk eman ditugu hala ere. Adibidez, hiru orduko ikuskizuna da gurea, bere hamabost minutuko deskantsuarekin, baina luzapen hori beharrezkoa da diziplina bakoitzak bere denbora behar duelako. Antzerki gehiegi sartu izan bagenu, bertsolariak bere lana gutxitua ikusiko zuen. Hortik abiatzen gara, bakoitzak bere diziplina bakarka jorratzetik, eta ondoren jolastuz fusioak egiten ditugu. Orain, hala ere, musikariak utzi egin zuen eta taldea piska bat herrenka dabil. Orain arteko Bertsotranpak ikuskizunetan gitarra eta bat-bateko bertsoa lotu izan ditugu. Gitarrista oso ona geneukan, Aitor Agiriano, gaur egun Doctor Deseo taldean jotzen duena, eta orain esan bezala, herrenka gabiltza. Musikak, hala ere, bere lekua dauka oraindik. Aurretik egindako programazioak sartuz eta horrelako gauzekin sartzen dugu musika.

Zer emaitza ematen du nahasketak?

Hiru diziplinekin jolasten saiatu gara. Pertsonaia batzuk badaude kodifikatuta, baina bertsoa gehien bat inprobisazioa da, antzerkia ez bezala (nahiz eta inprobisaziorako tartea badagoen antzerkian ere). Horrek suposatzen du Bertsotranpa bakoitza mundu bat izatea.

Nolako pertsonaiak sortu dituzu?

Adibidez, badaukat bat Juan Junda izena duena. Orain dela zazpi urte bertsotan poto egin zuen eta orain poto-psikotiko-depresiboa da. Bertso munduko jendeak kodigo horiek erabiltzen ditu eta erraz ulertzen dira. Antzerkia egiteko eta inprobisatzeko kriston aukera eskaintzen dit horrek.

Saio bakoitza berria izatera ohituta daude bai bertsolaria eta bai antzezlea. Behin taula gainean zein moldatzen da hobeto?

Hasi ginenean serio planteatu genuen kontu hori, hau da, zer atera ahal nuen nik bertso mundutik eta zer atera ahal zuten eurek antzerkiaren mundutik. Nik oraindik uste dut hor tartean badagoela esparru bat gauza gehiago bilatzeko. Gu oraindik jolasean ari gara eta gauza batzuk ematen dira, oso ederrak. Nik uste saioaren arabera, nor sentitzen den hobeto... Hala ere, egia da, Egaña eukitzea oso garrantzitsua dela, bere bertsoa egiteko tranpa eta sedukzio guztiekin. Berak botatako bertsoa txarra izan arren, ona dela ematen du. Horrekin, ni ere askoz erosoago sentitzen naiz. Beste batzuetan bertsoak jaten du nire papera edo ni ere euren munduan gehiegi sartzen naiz eta eurak pixka bat zintzilik lagatzen ditut... Nahiko ondo moldatzen ari gara talde modura, hala ere. Gainera, oraindik badaude saio esperimental gehiago egiteko. Dena dela, orain formatu bat ari gara aurkezten eta ezin duzu egun batean modu batera egin eta hurrengoan goitik behera aldatu. Badago eskema bat eta Bertsotranpak formatu horretan eskainiko dugu, nahiz eta bakoitzean mundu bat izan. Adibide bat emateko, azkeneko ikuskizuna Azkoitiko Mataderoan egin genuen, eta lau ordu iraun zuen. Publikoak ez zuen joan nahi eta bertsolariek ez zuten agurra bota nahi!

Esperimentazioa aipatu duzu. Zure antzezlanetan beti aurki daiteke esperimentazio horretatik. Lan abangoardistak egiten dituzu. Zer ekar diezaioke esperimentazioak bertsoari?

Bizirik egoteko premiazko zerbait iruditzen zait esperimentazioa. Bidaia baten moduan ulertzen dut, umeak jostailu bat daukanean egiten duen bidaia bezala. Nik uste dut hori dela esperimentazioa: jolasaren barruan dagoen zerbait. Horrek ez du esan nahi tradizioa edo aurretik ezarrita dauden kodigo horiek apurtu behar direnik. Nik argi daukat bertsoa bertsoa dela eta antzerkia antzerki. Ikuspuntu oso desberdinak dira. Esango nuke bertsoa integralagoa dela, berezkoagoa, gure tradizioan oso trinkotua. Antzerkia berriz, gaur egun zerbait zabalagoa da. Galduta moduan ikusten dut. Askotan galdetzen diot nire buruari ez ote diren ari politikoak teatro gehiegi egiten. Guretzako hain sakratua zen diziplina lapurtu digute. Egia esan nahiko klitxe bihurtu da gure antzerkia egiteko modua, eta nik uste dut bizirik irauteko ohiturak ohitura bera baino gehiago izan behar duela. Zentzua izan behar du, zentzu bat eman behar zaio egiten den guztiari. Horregatik iruditzen zait bertsolaritzak zentzu hori galtzen ez duen bitartean oso bizkor, oso bizirik ibiliko dela. Jolasak horretarako daude. Gero egia da esperimentatu behar dela laborategian edo etxean, behin emanaldia egiten ari zarenean ez dut uste horrelakorik egin behar denik. Oso eskema konkretu batekin joaten gara, esperimentatzeko beste espazio batzuk daude. Gu azken batean orain produktu bat ari gara eskaintzen publikoari. Horretarako lehenago esperimentatu dugu, baina saioan ez ditugu desmadrezko gauzak egiten.

Orain arteko harrerarekin gustura?

Bai, egia esan nik publiko bertsozalearekin ez daukat hartu-eman zuzena. Jende asko ezagutzen dut ni ere bertsotan ibilia naizelako, baina agian bai faltan botatzen dudana ondo edo txarto dagoen esateaz gain balorazio sakonagoak egitea. Bertso munduan izan nuen azken agerraldia Bertso Egunekoa izan zen, Kursaalean. Jendeak zoriondu egiten zaitu eta niri gustatuko litzaidake jakitea zer dela-eta egiten duten, hau da, zergatik gustatzen den. Hausnarketa sakonago bat alegia.

Lehenago ere Hernanin lan egindakoa zara, Kastillako dorreak ikuskizunarekin. Oroitzapen ona gordetzen duzu?

Bai... Oraindik ez didazue herriko seme kuttunaren monumentua eskaini? Ez serio, niretzat kriston esperientzia izan zen. Deskubrimendu bat izan zen, beti aldarrikatu izan baitut herri antzerkiaren beharra eta nire lanbidean koherentzia puntu bat eman zidan. Hernaniko herriak eskaini zidan aukera hori, eta asko disfrutatu nuen. Gainera ematen zuen ez zela inoiz bukatuko ze aurten ere ibili gara oraindik egiten, herriak eskatuta.

Ordukoan talde haundiarekin aritu zinen. Gaur berriz formatu txikiagoko ikuskizuna eskainiko duzu. Txikira edo haundira nahiago?

Formatu txikia nahiago dut, baina batez ere espektakulutik urrunago dagoelako, erritualarekin, komunikazioarekin lotuago. Niri publikoaren begirada ikustea gustatzen zait, eta zenbat eta publiko gutxiago, hobe (barre egiten du). Baina politikoek ez dute hori ulertzen. Gauza ederrak egiten dira publiko asko dagoenean ere, baina energiak oso desberdinak dira: bertsotan bezala da, BECera iristeko beste mila plaza egin behar dira, eta plaza horiek sarritan txikiak izaten dira. Politikoak aipatu dituzunez, joan den urteko abenduan Euskal Herrian arte eszenikoek bizi zuten egoerarekin oso kritiko azaldu zinen.

Kritika horien harira aldaketarik edo erreakziorik somatu duzu?

Bai, baina dagoeneko porsako ematen dit. Bizitza honetan zailena nork bere bidea jarraitzea da eta ematen du gizarte moderno edo post-moderno madarikatu honetan ardiak bezala ibili behar dugula. Horrek, neke horrek, nire ikuspuntu artistikoa indartzeko bidea eman dit gutxika-gutxika. Orain horretan nabil. Oraindik kriston kataklismoa dago gure antzerki taldean, Antzerkiola Imaginarioan. Enpresa egin genuen eta zor asko izan ditugu eta pixka bat argiaren bila nabil ni, eta dabil antzerki taldea bera. Orain esan liteke langabezian nagoela. Ez dut ia ezer egiten, Bertsotranpak eta horrelakoak. Gero nire herrian antzerki talde amateur bat sortu dut, eta horretan sinesten dut orain. Nire buruari galdetzen diot ez ote naizen aktore amateur bat oraindik. Eta igual horrela da, baina nahiago dut aktore amateur bat izan eta nire bidean jarraitu Heinekenentzako lanean ibili baino. Bestalde buru-belarri nabil ikerketan eta transmisioan euskal dramaren ikuspegitik. Zentzu horretan orain topaketa batzuk egingo ditugu. Sentimentua daukat hainbeste aipatzen den Euskal Hiri horretan baino Euskal Herrian nabilela. Herri txikietan ari naiz piezak mugitzen eta antzerkiari beste ibilbide bat ematen. Gustora nago batzuetan. Beste batzuetan ez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!