datorren asteburuan Extremadurako XV. jardunaldiak izango dira, Atsegindegin, Centro Extremeñok antolatuta. Larunbatean, martxoak 31, hango paisaien bideoak (Monfrague, Guadalupe...) jarriko dituzte Biterin, 19:30etatik aurrera, eta ondoren poesia errezitaldia izango da Antonio Davilaren eta Emiliano Gañanen eskutik.
Igandea, egun haundia
Igandea izango da jardunaldietako egun nagusia eta goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00etara hainbat ekintza daude antolatuta. Goizean, Extremadurako produktu tipikoen erakusketa eta dastaketa egingo dute eta urdaiazpikoak, txorizoak, gaztak eta abar, Cañameroko eta Tierra de Barroseko ardoekin probatu ahal izango dira. Honekin batera, Guadalupen eta Las Hurdesen latoiarekin eta zumearekin egindako lanak jarriko dituzte ikusgai. Liburuen eta turismo propagandarekin stand bat ere izango da. 13:00etan folklorearen ordua izango da, eta Donostiako Virgen de Guadalupe koro eta dantza taldearen emanaldia izango da. Arratsaldeko 17:00etan beste emanaldi bat eskainiko dute. Jaiak 20:00ak arte iraungo du gutxi gora behera.