Extremadurako jardunaldiak gaur hasiko dira, proiekzioa eta poesia emanaldiarekin

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 31a, 02:00

Extremadurako ardoak, txorixoa, gozoak, gazta, paisaje eta monumentuak, musika, jendea eta dantzak, horiek denak, Hernanitik mugitu ere egin gabe ikusi, dastatu eta ezagutzeko aukera izango da asteburuan. Izan ere, urtero apirila hasieran egiten duen moduan, gaurko eta biharko, 15garren Extremadurako Jardunaldiak antolatu ditu Donostian egoitza duen Extremadurako zentroak. Jaialdia gaur arratsaldean hasiko da, Biterin jarriko duten Extremadurari buruzko ikus-entzunezkoaren proiekzioarekin. Bertan, Extremadurako parajeak eta ondare kulturala ezagutzeko aukera izango da. Segidan Emiliano Gañan eta Antonio Davila, Extremadurako zentroko kideek, poesia errezitaldia eskainiko dute. Arratsaldeko 19:30etan.

Bihar, Atsegindegin
Bihar Atsegindegin egun guztiko jaialdia izango da. Goizeko 10:00etan hasiko da. Ordu horretarako Extremadurako produktuak jarriko dira salgai: Extremadura iparraldean dagoen Cañameroko ardoa eta Hegoaldeko Tierra de Barroseko ardoa, bertako urdaiazpiko, gazta eta txorizo bikainak, gozoak, eta abar. Guadalupe eta Las Hurdes herrietako artisauen erakusketa ere jarriko dute, latoi eta mimbrez egindako eskulanekin. Extremadurako musika, kantu, dantza eta traje erakustaldia Donostiako Extremadura zentroko Virgen de Guadalupe dantza taldeak ekarriko ditu Atsegindegira. Bi emanaldi egingo dituzte, eguerdiko 13:00etan eta arratsaldeko 17:30etan.

Sustraiak Extremaduran dituzten 2.000 pertsona
Hernanin sustraiak Extremaduran dituzten 2.000 pertsona inguru bizi dira, gutxi gorabehera. Extremadura zentroko lehendakaria den Santiago Gilek azaldutakoaren arabera, festa hau berezia izaten da, Extremaduran jaio eta bertara askotan joateko aukera ez duen jendearentzat, batez ere. Hala ere, garbi utzi du festa ez dela Extremaduran jaiotako jendearentzat bakarrik, festa hernaniarrei eta gerturatzen denari Extremadura ezagutarazteko bidea ere bada. Eta antza denez, harrera beroa egiten zaio festara gerturatzen denari, eguraldiak lagunduz gero plaza jendez gainezka egoten baita.

Extremadura, Aste Santuko
oporraldietarako aukera bikaina

Extremadurari buruzko informazioa, liburuak, eskuorriak eta informazio turistikoa ere jarriko dituzte gaur Atsegindegin, mahai batean. Extremadura zentroko lehendakaria den Santiago Gilek azaldu du, Extremadura Aste Santuko oporraldiak pasatzeko leku bikaina dela, eta jendeak badakiela hori, izan ere, Extremadurako turismo gune esanguratsuenetan zaila izaten da lekua hartzea:  ´Esaterako, Caceres monumentalean, Aste Santurako lo egiteko hotel edo ostaturen bat hartu nahi bada, zail dago. Hala ere, badago aukera herri txikiago eta ez hain turistikoetan` dio Santiago Gilek.
Interneten aurkitu ditugun turismo informazioek azpimarratzen dituzte Extremadurako eremu naturalak, non ibai eta ur bazter ugari dauden. Eremu natural esanguratsuenen artean azpimarratzen dituzte, Monfragüeko parke naturala  (Cáceres) eta Cornalvoko parke naturala (Badajoz).
Kultura ondare aldetik ere aberatsa da Extremadura eta alde horretatik, aipatzen dira, Cacereseko alde zaharra, Guadalupeko Monastegia, Meridako aztarnategi arkeologikoa eta Trujillo eta Plasencia herriak, besteak beste.

EGITARUA:

Gaur, larunbata
-Extremadurari buruzko ikus-entzutekoak.  19:30etan, Biterin. Monfragüe-ko parke naturala, Cacereseko Guadalupe herria eta bere monastegia eta beste hainbat herri eta paisaje ikusteko aukera izango dira ikus-entzunezko emanaldian.
-Jarraian, Emiliano Gañan eta Antonio Davilaren poesia errezitaldia izango dira.


Bihar, igandea
Jaialdia Atsegindegin

-10:00: Extremadurako
produktuak salgai (urdaiazpikoa, gazta, txorixoa, gozoak, ardoa...). Las Hurdes eta Guadalupeko artisau lanen
erakusketa. Liburu postua eta propaganda turistikoa.
-13:00etan eta 17:30etan: Donostiako Extremadurako
zentroko Virgen de Guadalupe dantza
taldearen emanaldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!