«Imanol Hernanitik 903 km.-tara dago espetxeratuta. Bera bisitatzeko bidaien kostua urtean 6.240 eurokoa da»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 24a, 01:00

Imanol Miner 2002ko maiatzean atxilotu zuten Madrilen. Soto del Realen lau hilabete pasa ondoren, Alboloten (Granada) espetxeratu zuten, eta han daramazki ia 5 urte, isolamenduko moduloan.

Askatasuna erakundea Hernaniko preso politikoen egoera azaltzen ari da, hamabostean behin. Imanol Minerren egoeraren berri eman du gaurkoan.

2002an atxilotua Madrilen

Imanol Miner 2002ko maiatzaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak Madrilen, ETAko kide izatea leporatuta. Askatasunak salatzen du bost egunez inkomunikatua eta torturatua izan zela: ´Etengabeko kolpeak eman zizkioten gorputz osoan zehar, elektrodo eta bainera mehatxuak, poltsa egin zioten manta batean bilduta eta hau zeloarekin inguratuta egonik...Tortura fisiko eta psikikoak jasan zituen egunero`. Epaile aurrean torturak jasan izana salatu zuen Minerrek.

Soto del Realetik Albolotera

Imanol Miner Soto del Realen espetxeratu zuten maiatzaren 19an eta handik Albolotera (Granada) eraman zuten 2002ko irailean. Orduztik han dago, isolamenduko moduloan. ´Albolote Hernanitik 903 km.-tara dago eta joan-etorriaren kostua 130 eurokoa da; urtean 6.240 eurokoa. 2004. urtean bere anaiak eta lagun batek istripu larria izan zuten bidaiatik bueltan. Zorionez ez zuten kalte pertsonalik izan` dio erakundeak.

Eskubide murrizketak

Askatasunaren esanetan, Imanolek murrizketak pairatzen ditu, ´euskal preso politiko gehienen berberak`: ´bisitetarako 10 lagunen zerrenda du eta kasu batean, baimena eduki arren, lagun bati bisita ukatu zioten han bertan. Horrez gain, astean 5 minutuko 8 telefono dei ditu (orain gutxi arte 5), paketeetan murrizketak (esaterako oinetakorik ezin zaio sartu), eta abar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!