«Aurtengoan inoiz baino talde gehiagok babestuko dute Korrika Hernanin»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 24a, 01:00

Korrika 15 herenegun Karrantzatik atera zen eta gaur iritsiko da Hernanira. Hernaniko AEK-ko kideak buru belarri dabiltza egunotan lasterketa erraldoiak hemendik pasatzean ´erritmorik` galdu ez dezan eta dena ondo atera dadin. Gainera, aurtengo edizioan ´korrikalarien` gorakada izatea espero dute, 31 talde, instituzio edo elkarte izan baitira bere Korrika puska erosi dutenak.

Aurten inoiz baino elkarte gehiago izango dira korrika Hernanin, ezta?

Bai, azkenean 31 elkarte izango dira Hernanin Korrika lagunduko dutenak. Oso garrantzitsua da igoera, azken Korriketan ia-ia talde berdinak izaten baitziren kilometroa erosten zutenak, 22-26 bueltan.

Orduan, aurten taldeen kilometroa inoiz baino motzagoa izango al da?

Bai, hiru talderen artean banatuko da kilometroa aurtengoan. Aurrekoetan ere, kilometroa sinbolikoa izaten zen.

Zenbat jende mugituko duzue aurten antolakuntza mailan?

Batetik, aipatu behar dugu, Korrika ondo atera dadin, AEKko ikasleek eta irakasleek hartzen dutela parte, hainbat herritarrekin batera. Gero, herritarrekin, lan taldeak sortzen dira, esaterako, gaurko haurrentzako jolasak eta bazkari herrikoia antolatzeko. Azpimarratzekoa da herritar askok bere burua eskaini dutela lanerako eta aurten, gainera, herri batzorde bat sortu dela, herriko talde ezberdinekin Korrika kulturala eta abar antolatzeko. Kopurua ezin dugu ziurtatu, baina jende dezente izango da gaur lanean. ‘Heldu Korrika’ da aurtengo lema.

Zeri heltzen dio Korrikak?

Korrikako logoan lekukoak 5 zinta ditu eta zinta bakoitzak esanahi bat dauka. Lehenengoa, euskera, gure hizkuntza delako; gero, herria, beharrezkoa delako hizkuntza bizirik mantentzeko; baita ere hitza, komunikazio tresna bezala kontuan hartuz; 4garrenak elkarlana irudikatzen du, euskeraren normalizaziorako oso beharrezkoa delako instituzioen eta taldeen arteko elkarlana, eta azkenik, heldu lekukoari, Korrikaren ikurra delako. 5 gauza horiei heltzen die aurtengo Korrikak .

Aurtengo Korrikak emakumea omentzen du. Protagonismo berezia izango du, ezta?

Bai. Bai familian, bai irakaskuntzan, hizkuntzaren transmisioan izan duen garrantziagatik omentzen dira emakumeak. Gaurko Korrikan emakumeak protagonismo berezia izango du; hiru belaunaldietako emakumeek eramango dute lekuko berezia, emakume guztiak ordezkatuz. Korrika kulturalean eta aurkezpenean ere saiatu gara hori erreflejatzen.

Zein dira Korrikaren helburuak?

Korrikaren helburuetako bat ekonomikoa da, eta diru-iturri hori oso garrantzitsua da AEKrentzat. Horrez gain, herritarrak sentsibilizatzea eta motibatzea dira helburu nagusiak. Korrikak Euskal Herri osoa zeharkatzen du hamar egunetan, eta jende asko biltzen du, bai karreran bertan eta bai batzordeetan eta abar.

Korrikaren indar metaketa horrek segida izaten al du urtean zehar?

Zaila da hor biltzen diren indar guzti horiek mantentzea euskeraren aldeko dinamika batean. AEK saiatzen da Korrika laguntzaileen artean konpromiso batzuk hartzen, baina nahiko zaila izaten da horiek urte guztian mantentzea. Gogoratu behar dugu, aurten hauteskundeak ere gertu daudela eta politikoki oso ekimen interesgarria dela euskeraren aldeko jarrera azaltzeko.

Bukatzeko, kontaiguzue Hernaniko AEKren egoera zer nolakoa den?

Azpiegitura aldetik oso ona. Duela hiru urte lokal aldaketa egin genuen eta oraingo lokalak (Larramendi, 11) oso txukunak dira, askoz erosoagoak eta egokiagoak. Lan talde aldetik, orain 10 irakasle gaude, adituak eta esperientziadunak, eta ikasleak ere dezente dauzkagu, hortaz, ondo. Kontua da aurrerantzean zer erronka dauden, eta helduen alfabetatze prozesuan ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea da gakoa, Euskal Herri mailan, eta saiatu behar dugu hor eragiteko bideak bilatzen: esaterako, Zilegi Eskolekin, azken urteetan nahiko garatuta dagoen ekimenarekin. Gogo haundiz ari gara lanean, hori bai.

Ea ba eguraldiak laguntzen duen!

Bai, bai. Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiogu, era batera edo bestera, Korrika lagundu duten guztiei, beren laguntzarik gabe, hau ez bailitzateke posible izango.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!