Udala etxeetan ura aurrezteko boltsak eta gomendioak buzoneatzen ari da

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 24a, 01:00

Ostegunean, Uraren Mundu-Eguna izan zen eta horrekin bat eginez antolatu du Udalak ekimen berria.

Joan den ostegunean izan zen Uraren Mundu-Eguna eta UNESCOk aurtengorako aukeratu duen lema ´uraren eskasiari aurre eginez` izan da. Egun horrekin bat eginez, ekimen berria antolatu du Udalak, Iñaki Arratibel zinegotziak joan den ostegunean prentsaurrean azaldu zuenez. Urez betetzen diren poltsa moduko batzuk buzoneatuko ditu batetik komoneko uraren zisternan sartzeko. Horrela, zisternak ur gutxiago hartuko du eta urtean ´pertsonako 4.000 litro ur aurreztera iritsi liteke` Arratibelek adierazi zuenez. Ura aurrezteko buzoneatu dituzten gomendioen artean daude: komuna paperontzi moduan ez erabiltzea; hortzak edo eskuak garbitzean edo bizarra egitean iturria istea, bainatu beharrean dutxatzea, edo etxean ura aurrezteko mekanismoak jartzea. Horrez gain, Udalak hartzen dituen zenbait neurri ere azaltzen ditu buzoneatuko den tanto formako paperak: kaleak edangarri ez den urarekin garbitzea; Ura aurrezteko mekanismoak jartzea udal eraikintza guztietan, eta bainu publikoetan; edo tuberiak berritu ur-ihesak gutxitzeko.

Uraren legea indarrean

Arratibelek jakitera eman zuen, Eusko Jaurlaritzak 2006an onartutako uraren legea indarrean jartzen ari direla. Neurri asko biltzen ditu lege berri honek eta epe ezberdinak izango dira neurri bakoitzak aplikatzeko. 2008rako indarrean jarriko dena da, etxe guztiek ur kontadore homologatuak jartzea eta pertsonako 130 litro/eguneko kopurutik pasatzen denari kanon batzuk kobratuko zaizkio. Zinegotziaren hitzetan, neurri honekin lortuko da ´etxe bakoitzak bere ur kontadorea jartzea, orain argindarrarena bezala` eta kanon horiekin lortu nahi dute jendeak ura aurrezteko kontzientzia hartzea; eginez gero, iritsiko zaion fakturan antzeman egingo baitu gainera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!