Osiñagako zerrategiaren aktibitate lizentzia bertan behera utzi du epaitegiak

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 24a, 01:00

2005eko otsailaren 3ko Gobernu Batzarrak emandako aktibitate lizentzia bertan behera utzi du Administrazioarekiko auzietako epaitegiak. Sententzia ez da behin betikoa eta Udalak eta nagusiek errekurritu egin dute.

Osiñagako zerrategiaren gaiak soka luzea ekarri du eta aurrera ere ekarriko du seguruenera. Administrazioarekiko Auzietako Donostiako Epaitegiak bertan behera utzi du Udalak legeztatzeko emandako aktibitate lizentzia. Otsailaren 20an ateratako sententzian, auzo elkarteak aurkeztutako errekurtsoa onartu du Auzitegiak. 2005eko otsailaren 3ko Gobernu Batzarrak eman zuen zerrategia legeztatzen zuen baimena eta epaitegiak baimen hori legez kontrakoa dela azpimarratu du eta bertan behera utzi du. Hala ere, sententzia ez da irmoa eta Udalak errekurtsoa aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian eta baita zerrategiko nagusiek ere.

1997tik datorren auzia

1997an eman zion Udalak obra lizentzia Olazagirre SA zerrategiari, baina orduan Diputazioko Landa Ingurunearen Garapen Departamenduko baimena falta zen, aktibitate hori garatu zitekeela esango zuen baimena. Epaitegiek aktibitate lizentzia legez kanpokoa zela esan zuten orduan. Diputazioko baimena lortuta, 2005eko Gobernu Batzarrak aktibitate lizentzia eman zion zerrategiari eta azken baimen hori izan da, orain, Donostiako Epaitegiak bertan behera utzi duena. Orain EAEko Auzitegi Nagusia izango da Udalaren eta nagusien errekurtsoak aztertuko dituena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!