Auzoetako jaietarako eta kultur jardueretarako diru laguntzak arautzen dituen ordenantzak onartu berri ditu Udalak eta Bildu Hernani plataformak salatu egin ditu Beatriz Fernandino kultura zinegotziak egindako adierazpenak. BHk dio ´zentsura politikoa` justifikatzen dutela adierazpenok eta azpimarratu dute ´harridura are eta haundiagoa` dela zinegotzia Ezker Batukoa izanda ´zentzu horretan balore aurrerakoiagoak defendatuko zituelakoan baikeunden`.
Hiru puntu
Hiru puntu nabarmendu ditu BHk (prentsa oharrak honelaxe dio): 1) ´Herriko lau taldek zinegotzi hauen jarrera errepresiboaren ondorioak jasan dituzte eta zigor ekonomikoa izango dute urteko dirulaguntzan. Tamalez herriko talde kulturalen lana edo auzoko jaiak lagundu eta saritu ordez, politikari hauek nahiago dute beren mamu politikoak astintzea. Ez dugu uste inolaz ere bide hau egokia denik Hernaniko bizitza kulturala indartzeko`. 2) ´Bildu Hernaniren ustetan indarrean dagoen kultur subentzioak banatzeko araudia, herriko taldeen lana laguntzeko baino oztopatzeko pentsatuta dago. Beraz aurrerantzean modu batean edo bestean aldaketa bultzatuko dugu`. 3) ´Kultur taldeek jasotako diru-laguntzen inguruan egiten dituen aipamenak erabat harrigarriak dira. Aspalditik, oso aspalditik, kultur eta auzo elkarteei beti eskatu zaie jasotako diru-laguntzak justifikatzea eta kolore ezberdinetako udalek jarraipen eta kontrol zehatza egin dute diru laguntza horiena. Hori ez jakiteak egungo kultur zinegotziaren gabeziak adierazi besterik ez ditu egiten`.
Kale Nagusia eta Leoka
Bildu Hernanik beste bi salaketa ere egin ditu prentsa oharrean. Lehenengoa Kale Nagusiko 3-5 zenbakietako obrei dagokiena da. Gogoratu dute bere garaian BHk salatu zuela ´ez zela errespetatzen ari Hernaniko Alde Zaharrak babesteko plangintza kontserbatzea`. Plataformak esan du Udalak publikoki adierazi zuela baldintzak beteko zirela baina errealitatea denen bistan dagoela. ´Non dago jatorrizko harria? Non dago gure ondarea zaintzeko borondatea` galdera luzatu du BHk. Bere ustez kultur zinegotziaren lana bada hori zaintzea ´baina ikusten dugu arlo honetan utzikeria nagusi dela`. BHk aipatu duen beste gaietako bat da Leokako labaderoaren berritze lanen ingurukoa. Plataformak galdetzen du ea Langile ikastolak jarritako plaka non dagoen: ´2000. urtean Langile ikastolak burutu zituen berritze lanak eta gero ipini zen plaka non dago? Plaka horrek Leoka iturria eta labaderoaren nondik norakoak ezagutzeko hainbat datu historiko eta dokumental interesgarri jasotzen zituen. Gure oroimen historikoa aberasten zuen eta mesede egiten zion herriari. Orain berriz inolako argipenik gabe gelditu da`.