Amonarraiz: «Hernani moderno eta erakargarria egin nahi dugu, kalitatezko zerbitzuekin»

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 22a, 01:00

Herenegun, Andoni Amonarraiz aurkeztu zuen EAJ-PNV alderdiak alkatetzarako, Diputaziorako Olano eta Bakerorekin batera. Aurkezpenean, Jose Ramon Lasarte zinegotzi ohia eta Joseba Egibar GBBko burua izan ziren, Biterin.

EAJ-PNV alderdiak Hernaniko alkatetzarako hautagai berria aurkeztu zuen herenegun. Andoni Amonarraiz, egungo Osasun eta Gizarte Ongintza Patronatuko eta Zerbitzu Publikoetako burua izango da maiatzeko Udal hauteskundeetan beren alkategaia, herenegun Biteriko agerraldian adi-tzera eman zutenez. Aurkezpen ekitaldian Markel Olano eta Maribel Bakero ere aurkeztu zituen alderdiak, Diputazioko Ahaldun Nagusi eta Batzorde Nagusietako lehendakari karguetarako. Hautagaiekin batera Jose Ramon Lasarte zinegotzi ohia eta Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko burua izan ziren.

Lasarte: ´EAren erabakia problematxo bat da`
Jose Ramon Lasarte zinegotzi ohiak aurkeztu zuen prentsaurrekoa. Andoni Amonarraiz ´Hernaniko alkate` izendatu zuen eta joandakoei eskatu zien ilusioa jarri eta hautagaiari ´bultzakada` bat emateko. Datozen hauteskundeetan EAJ-PNV eta EA ez dira batera aurkeztuko eta Lasarteren hitzetan, EAren erabakiak ´problematxo` bat sortu du. Ondoren, Joseba Egibarrek hartu zuen hitza eta hark esan zuen alderdiak baduela ´beste batzuk ez dutena: fidagarritasuna` eta 112 urteetan erakutsi dutela zer den ´herri bat maitatzea`. Hernanin alderdiak bere lekua aurkitu nahi du-ela adierazi zuen, ´zorte desiguala izan dugun eskualde honetan` eta gaineratu zuen ´egungo panorama politikoa konfusoa dela, aukera batzuk galerazita daudelako`.

Amonarraizek bost zutabeko programa
Egibarren ondoren Olanoren txanda izan zen eta honek Amonarraizi eman zion hitza. Alkategai berriak adierazi zuen Hernani ´modernoa eta erakargarria` egingo duela, ´kalitatezko zerbitzuekin`. Hori lortzeko bidea ´entzutea, proposatzea eta egitea` zela esan zuen eta bost zutabetan oinarritutako programa aurkeztu zuen: gazteria, kirolak, etxebizitza, kultura, eta hernaniarren arteko hurbiltasuna. Gazteriari buruz, esan zuen ´ez dakigula zer pentsatzen duten` eta ez daudela ekintzak garatzeko gazte batzuk eskatzen duten espazioaren kontra. Etorkizunean ´akordioak` lortuko dituztela esan zuen. Kirolak aipatzerakoan, gogoratu zuen aspaldi Hernaniko kirolak ez duela ´pozteko arrazoirik eman`. Hori aldatzeko neurriak proposatu zituen, tartean kiroldegi berri bat, ´15-20 urtetarako`. Etxebizitza alorrean ´orain arte bezala` lurra erosten jarraitzeko, eta Babes Ofizialeko Etxeak eta tasatuak egiteko asmoa erakutsi zuen. Kultura arloan Amonarraizek esan zuen, aukeratua ateraz gero, auditorio bat egin nahiko lukeela, ´600 lagunentzat, herriko kultur adierazpenei lekua egiteko eta inguruko ekitaldiak erakartzeko`. Horrez gain, esan zuen, umorezko zine lehiaketa bat egokia litzatekeela herrian. Txotx denboraldiaren bueltan, alkategaia Hernanira datorren autobus kopurua murriztearen alde azaldu zen, ´20-30 baina gehiago ez`. Udaletxean, leihatila bakarra eta Gobernu Kontseilua sortzea ere proposatu zuen, Udala herritarrei gerturatzeko. Horrez gain, Amonarraizek azken legegintzaldian bere ardurapean izan diren sail etatik egindako berrikuntzak gogora ekarri zituen, esaterako: igerileku berriak, Atsegindegi, hilerrian hildakoen omenezko gunea, bide segurtasuneko plana (abiadura murriztaileak, hesiak..) eta Hernani Garbia eta Hernaniko Berdeguneak proiektuak; Ongintza Patronatuak, berriz, egindako ´lorpenen` artean, 65 urtez gorakoen atentzio programa, etxez etxeko zerbitzua eta Eguneko zentroaren haunditzea nabarmendu zituen. Hernaniko Udaleko fun-tzionarien aldeko hitzak ere izan zituen Amonarraizek, ´oso profesional onak`. Bere hitzaldia bukatzeko, eskerrak eman zizkien joandakoei.

Olano eta Bakero ere aurkeztu zituzten
Diputaziorako Herenegun Biterin beste bi hautagaitza ere aurkeztu zituzten, Amonarraizenarekin batera. Batetik, Markel Olano aurkeztu zuten Diputaziorako Ahaldun Nagusi kargurako eta bestetik Maribel Bakero urnietarra Batzar Nagusietako lehendakari posturako. Olanok adierazi zuen, hauteskundeetan irabaziz gero, bere helburu nagusia ´gipuzkoarren bizitza kalitatea eta erosotasuna haunditzea` izango dela. Hori lortzeko, andoaindarrak bost puntu aipatu zituen: innobazioaren kontzeptua, gizarte integrazioa, mugikortasuna, euskera eta euskal kultura, eta Gipuzkoaren kokapen estrategikoa. Hernaniri buruz, esan zuen ´duela hiru aste` herrian izan zela eta ezagutzen dituela planteatuko diren proiektuak: Sagardo Gunea, auditorioa, balio erantsiko industria... Horrez gain, esan zuen Amonarraizek Udala ondo ezagutzen duela eta ´emaitza borobila` izango duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!