Egaña, Paia anaiak, Agiriano eta Lipus igandean Atsegindegin, ‘Bertsotranpak’ ikuskizunean

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 21a, 01:00

Hiru orduko obra honek bertsoa, antzerkia eta musika uztartzen ditu eta Fredi Paia, Xabier Paya eta Aitor Agirianok ere parte hartuko dute. 18:00etan izango da.

Datorren igandean bertso, musika eta antzerkia uztartuko dituen ikuskizuna izango da Atsegindegin, Bertsotranpak izenekoa. Obra honetan parte hartuko dute: Ander Lipus aktoreak; Andoni Egaña, Fredi Paia eta Xabier Paya bertsolariek; eta Aitor Agiriano musikariak. Ikuskizunak bertso desafioei buruz hitz egiten du eta hiru ordu pasatxo iraungo ditu. 18.00etan hasiko da. Hernaniko Udalak antolatu du emanaldia, txotx denboraldiaren barruko kultur programazioan, eta ´maila haundiko ikuskizuna` dela aurreratu dute. 200dik gora eserleku jarriko dituzte, eta Bertsotranpak ikuskizunak herritar asko bilduko dituela uste dute.

Bertso desafioak eta trikimailuak
Bertsotranpak obran bertso desafio bat irudikatuko dute. Bi bertsolari, Andoni eta Euxebio

Egaña beste bien aurka, Fredi eta Xabi Paia. Egingo dituzten desafioetan erabilitako trikimailuak dira protagonista; obra aurkezpenean diotenez, ´irudimena omen da gizakia animaliengandik bereizten duena, irudimena eta tranpak prestatzeko gaitasuna` eta plaza ezberdinetako desafioetan ardatz izango dira tranpak. Bertsotranpak obrarekin ´antzerki autentikoaren espiritualtasuna´ berreskuratu nahi dute, ´bat-bateko bertsogintzaren sorkuntza ahalmenaz baliatuta eta musika zein berbaz egokiro jantzita` eta horretarako ´egungo kultur errealitate unibertsalaren oinarri den eleaniztasuna` baliatuko dute.

Larunbatean ‘Txuri beltz’, haurrentzako emanaldia
Bezperan, hilak 24, eta txotx denboraldiaren barruan baita ere, haurrentzako emanaldia izango da Atsegindegin. Kixka taldearen eskutik, Txuri beltz obra ikusi ahal izango da, 17:30etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!