Berdintasun Sailak Hernaniko emakumeak gonbidatu ditu, Hernaniko hirigintza genero ikuspegitik aztertzeko antolatu dituzten tailerretan parte hartzera. 4 tailer izango dira, ostiralean hasi eta datorren asteartera arte, eta izena aurretik eman behar da. Hiri debekatuaren mapa egitasmoaren barruan, Hernaniko espazio publiko zein ekipamenduen erabilera eta ematen dituzten sentsazio ezberdinak (beldurra, lasaitasuna, ezin iritsi...) aztertuko dituzte. Tailerretako emaitzak herrian kaleratuko dituzte eta Udalari ere jakinaraziko dizkiote.
Ikasleek egindako lanen erakusketa Biterin
Egitasmoaren lehen fasean Hernaniko ikastetxeetako 269 gazteek hartu dute parte eta beraiek egindako 30-40 mural ikusgai daude Biterin hilaren 31ra arte. Muralak mapekin eta argazkiekin osatuta daude eta gazteekin egindako tailer batzuen emaitza izan dira. Tailerretan Hiria kolektiboko bi arkitekto izan dira Hernaniko ikastetxeetako 14 eta 16 urte bitarteko gazteekin lanean, eta Hernani aztertu dute perspektiba sozialetik. Herriko kolektibo guztiak kontuan hartuta, herrian dauden beharrak azaleratu dituzte (gazteentzako leku itxi edo estaliak, iturri gehiago, zinea...). Arkitektoen esanetan, gazteak ´gustora` sentitu dira tailerretan eta erakutsi dute ´kaleak ondo ezagutzen dituztela`.
Tailerrak
MARTXOAK 23, ostirala. (Gazteleraz). 17:00-20:00, Pleno Aretoan.
MARTXOAK 24, larunbata. (Gazteleraz). 10:00-13:00, Biterin.
MARTXOAK 26 eta 27, astelehena eta asteartea. (Euskeraz). 09:00-11:00, Biterin.
MARTXOAK 26 eta 27, astelehena eta asteartea. (Euskaraz). 19:00-21:00 Biterin.
IZENA EMATEKO: 625706760 telefonoan edo kontseilua1@hernani.net-en.