bigarren eskuko produktuen azoka izango da hileroko azken larunbatean, Hernanin, eta lehendabiziko edizioa apirilaren 21ean egingo dute. Azoka Hernaniko Udal Zerbitzu Publikoetako Batzordeak antolatu du, Emaus Fundazioaren elkarlanarekin, eta Nahas-Mahas izena jarri diote. Nahas-Mahas azoka ´prebentzioaren kultura hedatu eta hondakinen ekoizpena gutxitzeko sortu da`, Andoni Amonarraiz Zerbitzu Publikoetako zinegotziaren esanetan, eta ´kontsumo arduratsua egiteak duen garrantzia azpimarratu nahi da`. Azokak 30 postu inguru izango ditu, eta nahi duenak parte hartu ahal izango du, elkarte edo banako, azoka@emaus.com helbidean izena emanda. Parte hartzeko baldintzak dira: ´salgai jartzen diren artikuluak erabilita egotea eta norbanako bakoitza arduratzea, produktua eramateaz, prezioak jartzeaz, saltzeaz, bildutako dirua jasotzeaz eta produktuak biltzeaz`.
Bidezko merkataritzaren astea apirilaren 16tik 22ra
EMAUS fundazioak, Hernaniko Udalaren laguntzarekin, bidezko merkataritza astea egingo du apirilaren 16tik 22ra Hernanin. Astelehenetik ostiralera tailerrak egingo dituzte, herriko ikastetxe, elkarte eta herritarrekin, ´jendea bidezko merkataritzaren garrantziaz jabetu dadin`. Tailerrak Biterin izango dira, goizez ikastetxeekin eta arratsaldez, elkarte eta herritarrekin. Tailerretan jolasak, hitzaldi-berriketaldiak, zine foruma, sukalde tailerrak, eta abar izango dira. Bestalde, larunbatean, eta asteari bukaera emateko, Bidezko Merkataritzaren Festa Haundia antolatu dute, Plaza Berrin. Aukeran izango dira produktuei buruzko informazioa jasotzeko postuak, produktuak salgai, ikastetxeetako umeek egindako marrazki erakusketa, ipuin kontalariak, musika talde bat (GuineaBissautik datorrena), tailerrak, jolasak, eta abar. Eta bukatzeko, txokolatada solidarioa, bidezko merkataritzako kakaoarekin egina.