Sagardoaren alde egiteko konpromisoa

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 19a, 01:00

Konpromiso horixe hartu zuten atzo ohorezko lau kofradia kide berriek, Biteri kultur etxean egindako Kapituluan, eta Tolarea Kofradiako lehendakari den Kontxi Zubeldiak orduan izendatu zituen kofradiako kide. Joxe Felipe Auzmendik aurkeztu zuen emanaldia eta ohorezko kofradia kideak aurkeztu: Rosi Talavera atletismoan egindako lan guztiagatik. Izugarrizko palmaresa dauka Portu auzoko lasterkari hernaniarrak, eta besteak beste bera izan zen estatutan maratoia 3 orduz azpitik egin zuen lehen emakumezkoa. Talaverak esan zuen ohore bat zela kofradia kide izendatu izana eta eskerrak eman zituen. Juan Mari Beltran herri musikan egindako lan guztiagatik: musikari, irakasle, biltzaile eta ikertzaile izan den aldetik. Talde askotan ibilia da musikari donostiarra eta irakaskuntzan, txistua, alboka eta txalaparta erakusten ditu Hernaniko musika eskolan, 1985az gero. Beltranek esan zuen berak bere funtzioa bete besterik ez duela egin eta eskerrak eman zizkion Hernaniri ´aukera horregatik` eta Tolareari izendapenagatik. Txomin Perurena 156 lasterketa irabazitako txirrindularia izan da, palmares ezin hobea duena. Perurenak esan zuen omenaldiak jaso izan dituela, baina, horrelakorik ezetz eta eskerrak eman zituen. Algel Alkain aktorea da, eta Auzmendik azaldu zuen moduan ´lan asko eginda iritsi dena iritsitako lekura`. Alkainek berak umore haundiz kontatu zuen nola egiten zuten sagardoa etxean, lehenengo mozkorrak eta botila garbitzeak. Jendearen irripar artean argi utzi zuen ´norbaitek merezi badu` berak merezi duela omenaldia. Horrez gain, datu kurioso bat eman zuen, antzerkigintzan oholtza horretan bertan hasi zela bera, Hernaniko antzerki tailerrean. Ohorezko lau kofradia kideez gain, beste bi lagun ere egin ziren kofradiako kide atzokoan: Beatriz Alda eta Victor Gonzalez.

Aurreskua eta kantua
Atzoko festara inguratutako kofradia guztiek herrian desfilea egin zuten eta Biterin ere guztien aipamena egin zuten. Ohorezko kofradia kideei aurreskua dantzatu zieten Xabier Segura eta Lierni Martiarenak, Leire Goñi eta Patri Arozena txistularien laguntzaz. Ondorenean, Ereñotzuko Ozenki Abesbatzak lau kanta kantatu zituen dotore, Imanol Kamioren zuzendaritzapean. Erremate moduan, Florian Oiarbidek ohorezko kofradeei habanera doinuan egindako bi bertso kantatu zituen Ozenkik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!