Hernaniko areto itxirik haundiena da Sandiusterri, 220 bat lagunentzako lekuarekin, eta egokitze lanak egin berri dituzte bertan. Akustika nahiko txarra izan du aretoak eta hobetzeko lanak izan dira nagusienak: aretoko sabaia jaitsi, soinua xurgatzeko plakak jarri eta abar. Zenbait baliabide ere erantsi zaizkio aretoari: soinua eta irudia nahasteko mahaia, megafonia sistema bat eta interneterako konexioa, besteak beste eta oholtza egokitu eta atzeko oihal automatizatuak ere jarri dira. Ongintza Patronatutik jakitera eman dutenez, aretoa prest dago ´musika emanaldi eta kongresu txikiak hartzeko`. Eserleku berriak Hurrengo lana eserleku berriak jartzea izango da, eta hori ere aurten egitekoa du Ongintza Patronatuak, zuzendaritza batzordeak lehiaketarako oinarriak onartu berri baititu. ´Oraingo eserlekuak baino erosoagoak` izango dira berriak, 202 guztira. Horrez gain, anfiteatroan orain dauden 20 bat eserleku ere errespetatuko dira, berriak kabitzen ez diren lekuetan. Orain arteko obrak 2006ko aurrekontuan sartuta zeuden, 74.000 eurorekin, eta besaulki berriena aurtengo aurrekontuetan dago jasoa, 30.000 eta 40.000 eurorekin.
Erabilera anitzeko aretoa
Andoni Amonarraiz Ongintza Patronatuko lehendakariak esan duenez ´hitzaldiak edo proiekzioak hartzeaz gain, musika emanaldiak hartzeko leku bikaina sortu da, maila akustiko onarekin`. Horrez gain, inguruko enpresei aretoa alokatzeko aukera eskaintzea ere ari da aztertzen Patronatua ´kongresu txikiak edo bilerak hemen egin ditzaten, izan ere aretoak behar diren baliabide guztiak ditu eskura`. Horrez gain, azpimarratu dute udal abesbatza, musika nahiz bertsolari taldeek Sandiusterri erabiltzeko aukera izango dutela ´Patronatuarekin harremanetan jartzea nahikoa da eskaera egiteko`.