Urkiagatik Orregarako ibilbidea antolatu dute datorren astebururako

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 18a, 01:00

Mendiriz mendi DATORREN astebururako Urkiaga mendatetik hasi eta Orreagarainoko ibilbidea egingo du Mendiriz Mendi elkarteak. Bista ederraz gozatzeaz gain, Adi (1.458 m), Txasperro (1.180 m), Mendiaundi (1.215 m) eta Mendixuriko (1.201 m) tontorrak bisitatzeko aukera izango da. Irteeran izena emateko epea, datorren astean bukatzen da, martxoaren 22an.

Nola iritsi Hernanitik
Hernanitik Iruñeara Leitzarango autobidean (A-15) barrena. Iruñean Berriozarko norabidea segi. Gero N-135 errepidea jarraitu behar da Zubiriaraino. Hemen Eugira doan errepidea hartu behar da. Errepidea jarraitu behar da Urkiaga mendatera iritsi arte. Mendateko gailurra baino metro batzuk beherago aparkalekua dago. Kotxea hor utzi.

Ibilbidearen deskripzioa
Urkiagan eskubira ateratzen den pista hartu. Ehiztarien kaseta berde haundi bat pasa ondoren, berehala ikusten dira GR 11ko markak (gorri eta txuriak). Pistak zenbait kurba egiten ditu baso zoragarri baten barrena. Ingurune honetan Gerra Zibilaren ondoren eraikitako bunkerrak eta hormigoizko eraikinen arrastoak daude. GR markak jarraitu behar dira Adiko lepora iritsi arte. Hemen ataka zeharkatu, markak ezkerrera utzi, eta Adi-ko azken malkarrari ekingo diogu. Gauza lasai hartu behar da eta igoera mantxo hasi, malda oso gogorra baita. Behe laino eguneta ere ez dago galtzeko arriskurik. Nahikoa da hesia jarraitzea gailurreraino dijoa eta. Gailurrean puntu geodesikoa eta buzoia aurkituko ditugu. Euskal Pirinioko mendi haundietako bat da Adi (1459m), bai bere altueragatik eta bai inguruetan haundiagorik ez dagoelako. Eguraldiarekin zortea izanez gero, Pirineoko paisaje ikusgarriaz gozatzeko aukera izaten da. Aditik Aratungo lepora jaitsi behar da. Aurreko kasuan bezala hesia eskubian izan behar da beti. Aratungo lepoak duen ezaugarria bertan putzu txiki bat dagoela da. Bertan GR-11 markak topatuko ditugu berriro. Markak jarraituz, eskubiko pinudian, hesia pasatzeko lekua aurkitzen da. Pinudian sartu eta beheraldera egin behar da. Hasieran bidea nahiko itxia da baina gero, pagadian sartzerakoan, zabaldu egiten da eta bide garbia hasten da. Bideak pagadian zehar Odia ibaiaren bailara jarraitzen du. Basotik irteterakoan Aztakarrikako lepotik jaisten den pistarekin egiten du topo. Pistatik behera Sorogainera iritsiko gara (830 m). Bideak Sorogain-eko etxe atzetik jarraitzen du. Hurrengo zatia nahiko malkartsua da. Marka gorriak eta txurik jarraituta bidean gora egin behar da. Urbilletako lepora iristean bidearen malda lasaitzen da. Urbilletatik Txasperro (1.180 m) gailurrera denbora gutxi geratzen da. Gailur inguruan hormigoizko kaseta baten arrastoak aurkitzen dira. Orain dela urte batzuk telebista antena bat zuen. Adi gailurrean bezala hemen ere, lainorik ez bada, bista zoragarriak dira. Aurrez-aurrez Urepeleko bailara eta baserriak ikusiko ditugu. Ekialdean Mendiaundi eta Mendixuri. Azken hauek dauden aldera jo behar da. Txasperrotik igoera txiki baten ondoren, Mendiandiko (1.215 m) gailurrera iristen da. Ez du mendi itxurarik, dena larrea da. Gailurrean zaudela jakiteko, soro erdian dagoen buzoia aurkitu behar da. Hemendik Mendixurira (1.201 m) gutxi geratzen da. Bi mendien arteko lepora jaitsi (bertan trikuharri baten aztarnak aurkituko ditugu) eta igoera labur baten ondoren, goian izango gara. Bere harrizko tontorrak bereizten du Menditxuri inguruko gain borobilduetatik. Aipagarria da hemendik, iparraldean, Lindus, Girizu eta horien artean gordetzen den bailara ederra. Ekialdera jarraituz, azken jaitsierari ekin beharko zaio. Auritzetik Orreagara doan pista aurkitu arte jaitsi behar da. Pista aurkitzean ezkerrera jo eta berehala Orreagara iritsiko gara.

Mendiriz Mendik martxoaren 25ean egingo du irteera. Izen ematea martxoaren 22an bukatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!