Sei euskarazko film labur pantaila haundian ikusteko aukera asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 18a, 01:00

Dobera euskara elkarteak eta Topaguneak antolatuta, 6 euskarazko film labur ikusteko aukera izango da asteazkenean, Biterin. Herri ezberdinetan ari dira filmak ematen, aurten laugarren urtez. Euskal zinegileei zirkuitu duina eskaintzea da ekimenaren helburuetako bat.

DOBERA euskara elkarteak eta Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak antolatuta, euskarazko sei film labur ikusi ahal izango dira, martxoaren 21ean, asteazkena, Biteri kultur etxeko areto nagusian. Film labur hauen proiekzioa herri ezberdinetan ari da antolatzen, aurten laugarren urtez. Aurtengo edizioan ikusi ahal izango diren film laburrak dira: Ane Muñozen Loturak; Asier Altunaren Sarean; Ozkar Galanen Xoxoak beleari ipurbeltz; Iñaki Beraetxeren Osaba Jaxinto; eta John Anduezaren Bilintx. Film labur guzti hauek aurten lehenengoz jarriko dira film laburren zirkuituan. Gainera, estreinu bat ere izango da Ane Muñozen Loturak filma jarriko dute lehendabizikoz. Proiekzioa asteazkenean, arratsaldeko 19:30etan, hasiko da. Sarrerak 2 euro balio ditu.

Helburuetako bat Euskal zinegileei zirkuitu duina eskaintzea
Euskararen erabilera sustatzea eta euskal ekoizpenak sustatzeaz gain, film laburren zirkuitu honen helburua da euskal zinegileei zirkuitu duina eskaintzea. Topaguneko kideek azaldutakoaren arabera, film laburren munduan aritzea oso zaila da gaur egun. Ez dago lanak plazaratzeko aukera haundirik, lehiaketetan ez bada. Filmak ekoizteko ere diru laguntzak lortzea ez da erraza izaten, eta lortuz gero laburra bukatzerakoan jasotzen da, gastua egin ondoren. Zirkuitu honen bidez 6 labur hauek 36 udalerri ezberdinetan ikusi ahal izango dira.

Urtetik urtera erantzun hobea
Film laburren zirkuitoak urtetik urtera harrera hobea izan du. Gero eta herri gehiagotan ari dira filmak jartzen eta ikusleak ere gero eta gehiago animatzen ari dira. Zuzendariak ere gero eta gehiago ari dira parte hartzen, beren lanak aurkezterako garaian, nahiz eta Hernanin ez den halako aurkezpenik izango aurten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!