Hernani ezin lidertzara inguratu Zarautzen kontra berdinduta

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 18a, 01:00

Aspaldiko jende gehiena bildu zen atzo Zubipen, bi lehenengoen arteko partiduan.

partidu garrantzitsua jokatu zuten atzo Hernanik eta Zarautzek eta ederki nabaritu zen hori Zubipeko harmaila eta zelai buelta guztian. Etxekoak animatzera jende asko jeitsi zen Zubipera eta Zarauztik ere asko ziren euren taldea animatzera etorri zirenak. Guztiak batuta Zubipen aspaldi izan ez den giroa izan zen Gorengoen mailako bi lehenengoen arteko partiduan.

Bi taldeen asmoa garbi
Partiduari dagokionean, bi taldeek hasieratik erakutsi zuten zertara zelairatu ziren eta partidu guztian asmo horri eutsi zioten, bai batzuk eta bai besteek. Etxekoek garaipena nahi zuten, sailkapeneko sei puntuko desabantaila hirura jaitsi eta lidertzara inguratzeko. Zarauztarrei berriz, azkar antzeman zitzaien, beraientzat berdinketa oso emaitza ona zela eta horren bila zetozela. Hernaniarrak izan ziren hasieratik iniziatiba eraman zutenak eta baloiaren jabetza heurena izan zen partidu guztian. Baina, zarauztarrak atzean sendo eutsi zioten eta partidu oso taktikoa eginez, bere atea hutsean mantentzea lortu zuten.

Bigarren zati ia osoa bat gutxiagorekin
Lehenengo zatian, izan zuen Hernanik aukeraren bat markagailuan aurretik jartzeko, baina ez zuen asmatu. Bigarrena hasi eta berehala, berriz, Zapiain kanporatu egin zuen epaileak, bigarren txartel hori oso eztabaidagarri bat aterata eta ia bigarren zati osoa bat gutxiagorekin jokatu zuten zuriberdeek. Honek gauzak oraindik eta zailago jarri zizkien etxekoei, baina, behera egin beharrean gora egin zuten eta bigarren zati osoan, zarauztarrak euren zelaian sartuta eduki zituzten. Hala ere, golik ez zen iritsi, eta helburua lortzea Hernanik merezi izan bazuen ere, Zarautzek lortu zuen eta sailkapenean gauzak partidu hasieran bezala gelditu ziren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!