Sailkapeneko lehen bi taldeek jokatuko dute gaur Zubipen, liga bukatzeko 9 jardunaldiren faltan. Zarautz dijoa lider, Hernanik baino 6 puntu gehiagorekin eta gaurko partiduak asko markatu lezake denboraldi bukaera. Hernanik hiru hilabetetik gora daramazki partidurik galdu gabe eta bolada horrek eraman du lehen posturako borrokara. Partiduaren garrantzia ikusita, CD Hernanik bazkaria antolatu du Santa Barbaran eguna girotzeko eta zaleei dei egin die Zubipera azaltzeko. Baina ez dira Hernaniko zaletuak bere taldea animatzera azalduko diren bakarra, Zarauztik ere jende dezente dator bere taldea animatzera. Tolosa-Hernani Emakumezkoen ligan, Hernanik Tolosan jokatuko du gaur. Lehengo astean galduta, 4garren dago Hernani, baina Tolosa bera 3 puntura dauka, bi postu gorago. Gaur, 15:30etan, Usabalen.
«Berak igotzeko beharra dute, guk ilusioa»
David Muñoz Gorengo mailako taldeko entrenatzaileak ez du uste gaurko partiduan hasi edo bukatzen denik guztia, baina aitortzen du irabazi edo galtzeak asko erraztu edo zaildu lezakeela lehen posturako borroka. Bi talde oso desberdin elkartuko dira bere hitzetan: dirua lagun, igotzeko prestatutako Zarautz, eta ilusioz hasi eta jardunaldiz jardunaldi igotzea helburu bihurtu duen Hernani.
Kalkulu matematikoak hain modan dauden garai honetan eta bederatzi partiduren faltan, zenbat puntu beharko ditu Hernanik Zarautzi aurrea hartzeko?
Askok galdetzen dutena da, baina erantzun bakarra dakit: Zarautzek baino 7 gehiago. Denboraldia nola dagoen ikusita, helburuak jartzen hasten zara, baina hala ere partiduz partidu joan nahiago dut eta emaitzen arabera ikusi non gauden. Eta gaurko partiduak ere asko markatuko du: ez baita berdina izango gaurkoa irabazita hainbat partidu irabaztea, edo gaurkoa galduta kopuru bera irabaztea. Baina hala ere, beste partidu bat bezala enfokatu nahi dut gaurkoa, eta gero ikusi zer aukera ditugun.
Zarautz talde gogorra da,
esperientzia haundikoa.
Guk baino esperientzia haundiagoa dute horrelako partiduetan, hori beren alde egon liteke. Baina gure abantaila nagusia da etxean jokatzea, giroa gure alde dela. Beraiek igotzeko ekipoa egin dute, diruarekin egindako taldea da eta igotzeko beharra daukate. Guk berriz, igotzeko ilusioa daukagu. Guk talde gaztea daukagu, ona baina gaztea, eta oraindik hobetzeko marjena eta denbora badu talde honek. Guretzat denboraldi hasierako ilusioa helburu bihurtu da.
Denboraldiko partidurik garrantzitsuena al da gaurkoa?
Lehen posturako borrokan garrantzitsua da, denboraldi bukaera nolakoa izango den jakiterik ez badago ere. Denboraldi bukaerak desberdinak izaten dira presioak ere eragina izaten baitu. Gu alde horretatik lasai gaude, igo ezta ere, denboraldi ona egin baitugu, baina aukerak dauden artean gogor borrokatzeko ilusioarekin gaude. Azken batean, 34 partidutik bat da gaurkoa eta horrela jokatu behar dugu, bat gehiago balitz bezala.
Hirugarren urtea duzu Hernaniko bankiloan. Talde gaztea izatearen eta harrobiaren aldeko apustuaren emaitzak ikuste ari al gara?
Harrobia lantzea da apustua eta aurrera ere hala behar du. Talde gaztea dugu ni hasi nintzenean hala baitzen eta, hiru urte hauetan beteranoenak uzten joan baitira. Oinarria mantenduz gero, 7-8 urterako taldea badago hemen: utziko dutenak edo igoko direnak kontuan hartuta. Eta noski, mailaz igotzea lortuz gero errazago mantentzen da jendea, bestela kategoria haundiagoko taldeek errazago eramaten baitituzte jokalariak.
Denbora honetan saiatu gara talde sentimendua sendotzen eta hiru urte hauetan asko sendotu da hori. Hori klabea izan da nire ustez, eta zelaian eta emaitzetan asko nabaritzen da, talde izaera hori. Golak nola ospatzen diren edo garaipen batzuk nola ospatu izan diren ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko.
Gol asko ari zarete sartzen.
Bai egia da. Guk baloiarekin jokatzen dugu, eta oso irekita. Horren arriskua da jaso ere gol gehiago egiten direla, baina balantza horretan irabazten atera garela uste dut. Aurten, ondo jokatzen dugunean aukera asko izaten ditugu golerako eta gaizki jokatuta ere aukerak izaten ditugu.
Afizioari zer esango zenioke?
Jendea animatuko nuke Zubipera jaistera, disfrutatzeko partidua baita gaurkoa. Aurten, afizioak asko bultza dio taldeari, batik bat errio aldeko koadrilak eta horrek garrantzia haundia du.