ATZOKO kontzertuak utzitako aztarnak garbitu eta txukundu ondoren, prest dago Landareko 3.000 m2ko karpa, gaur izango den jende uholdea hartzeko. Kontzertua gaueko 21:00etan hasiko da, baina antolatzaileek jakinarazi dute ateak ordu bete lehenago irekiko dituztela. Oraindik ere sarrerak eskuratu ez dituztenek, gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera izango da takila irekita. Gaur gaueko sarrerak, bertan erosita, 24 euro balio ditu. Kontzertuetarako karpa erraldoiaz gain, beste bi karpa ere jarriko dituzte. Bertan jendeak lasaiago egoteko aukera izango du, zerbait jan eta sagardoa dastatzeko aukera izateaz gain.
Bihar herri kirolak
Sagarrondotik jaialdia ez da musika jaialdira mugatzen, urtero eguneko festa ere antolatzen baitute. Bihar, Urnietan, goizeko 10:00etan, sagardo festa izango da, Plazan. Bertan Buruntzaldeko artisauen azoka izango da, eta sagardoa eta burduntzian erretako arkumea dastatzeko aukera izango da. Goizeko 11:00etan herri kirol jaialdian parte hartuko dute, taldeka, Urnieta, Usurbil, Hernani eta Astigarragako herritarrek. Horrez gain, Mari Jose Sardon 113 kiloko harri zilindrikoa altxatzen ariko da, 5 minututan.