ONARTU da auzoetarako jaietarako eta kultur programa edo jardueretarako diru laguntzak emateko araudia. Joan den martxoaren 1eko Gobernu Batzarrean onartu ziren. Aurtengoarekin bi urte dira araudi hau indarrean dagoela, eta honen zergatiaz galdetuta, Beatriz Fernandino kultura zinegotziak adierazi du, orain arte diru laguntzak modu deskontrolatuan ematen zirela: ´gai honen inguruan nahaste haundia zegoen, batzuei programaren %100a ematen zitzaien, besteei %30. Azken finean, diru publikoa da, denon dirua da, eta ematen dena justifikatu beharra dago. Orain arte ez zen justifikatzen` adierazi du. 2007an kultur programetarako 37.934 euroko kopurua dago onartua. Auzoetako jaietarako, aldiz, 19.115 euroko partida dago onartuta.
Eskaria nola egin
Diru laguntzak eskatzeko eskaera orria bete beharra dago. Eskaera orria Udaleko Erregistroan edo www.hernani.net helbidean aurki daiteke. Eskaera orriarekin batera, araudiak eskatzen duen dokumentazioa aurkeztu behar da. Paperak aurkezteko deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean agertuko da eta publikatu eta 30 egunetara bukatuko da aurkezteko epea. Eskaerak ebaluatzeko irizpideak Araudi honen arabera kultur jarduera eta programen kasuan, diruz lagunduko dira ´jarduera kulturalak sustatu eta zabaltzeko programak, edo ekintzak, kultur erakundeek prestatutako argitarapen edo jaialdiak, dantza, antzerkia, folklorea, arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, liburutegiak eta abarrekin zer ikusia dutenak`. Auzoetako jaiak ere diruz lagunduko dira. Araudiak ere badio ez direla diruz lagunduko ´Kultura Delegazioarekin zer ikusirik ez duten jarduerak, zerga bete-beharrak eguneratuta ez dituzten elkarteen jarduerak eta aurreko edizioetan jasotako dirulaguntza justifikatzeko memoria entregatzen ez dutenen jarduerak`. Gai honen inguruan, zenbait eztabaida izan da, esate baterako omenaldien gaiarekin. Honen berri galdetuta, zinegotziak erantzun du: ´dirua kultur ekintza edo auzoko jaietarako eskatzen da, ez omenaldi baterako. Omenaldirako subentzioa behar bada, beste bide batetik eskatu beharko da`. Eskariak ebaluatzeko kontutan hartuko dira, kultur jardueren kasuan: programaren ezaugarriak, eskaria egiten duen erakundearen ezaugarriak eta finantza baliabideak. Auzoetako jaien kasuan, programaren ezaugarriak ebaluatuko dira.
Diru laguntza ematea
Eskatzaileak erantzunaren berri jasoko du idatziz eta arrazoituta. Eskaera onartua dagoenean, dirulaguntzaren %60 emango da. Gainerako %40 a zenbait agiri aurkeztean emango da: memoria, balantze ekonomikoa, gastuen agiriak eta dokumentazio grafikoa.