ATZO plenoa izan zen, eta zenbait puntu esanguratsu onartu ziren bertan. Puntu horietako bat izan zen haur eskolari izena jartzea eta bertan erabaki zenez, Hernaniko Haur Eskola izena izango du hemendik aurrera.
Telelaguntza zerbitzua
Telelaguntza zerbitzua arautzen duen araudia ere onartu zen. Telelaguntza zerbitzuaren bidez, esaterako, zerbitzua eskatzen duenari gogorarazten zaio medikamentua noiz hartu behar duen, eta antsietate edo bestelako arazorik izanez gero norbaitekin hitz egiteko aukera izango du. Telefono zerbitzu honek eguneko 24 ordutan funtzionatuko du.
Berdintasun Plana
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun plana beste bi urtez luzatzea ere onartu zen. PSEk baiezkoa eman arren, esan zuen EAE osorako onartu den Berdintasun Planera moldatu beharko litzatekeela plan hau. Txema Mercado, arlo horretako zinegotziak, erantzun zuen legeari egokitzeko aldaketarik egin behar bada, egingo dela. Oriamendi Kooperatibarekin egindako hitzarmena Oriamendi Kooperatibak, Arin promotorak eta Udalak egindako hitzarmena ere onartu zen. Akordio honen bidez, La Cumbre eta Bestizan lotzen dituen bial berri bat egingo da. Bidearen lehen zatia egiteko beharrezkoa den lur zati bat emango dio kooperatibak Udalari. Bialeko obrak iraun bitartean, Etxeberriko 10garren bloke inguruan bi norabideko zirkulazioa baimenduko da, eta ibilgailuak linean aparkatu beharko dute, eta ez baterian, orain arte bezala. Horrez gain, promotorak frontoi atzean eskailera bat eraikiko du, aspalditik bizilagunek eskatutakoa. Benta Berriko tunela ere berrituko dute. Puntu honetan egon zen eztabaida gehiena atzoko Plenoan. Izan ere PP eta PSEko zinegotziek diote, akordio honen bidez kooperatibari trukean ematen zaiona gehiegizkoa dela eta abstenitu egin ziren.
Arau Subsidiarioetan aldaketak
Plenoan onartu zen, baita ere, AASSetako zenbait fitxa aldatzea, batez ere, eremuetako mugak zehazterako garaian, Kostako legera egokitzeko. Izan ere, Hernaniko zenbait lekutan kostako legea aplikatzen da. Aldaketak, Martindegi, Orbegozo eta Gureola aldeko eremuetan egingo dira.
Zaharren Egoitza haunditzeko obrak
Zaharren Egoitza haunditzeko obretan arazoak izan ditu Udalak lanak egiteko ardura hartu zuen enpresarekin, ez omen duelako obra zuzendaritza egin, hitzartu bezala. Hori dela eta erantzukizuna eskatuko zaio enpresa horri.