Xabier Iradi hernaniarra eta Aner Bueno azpeitiarra gelditu dira Erremonteko Euskal Herriko txapeldun, afizionatu mailan, Gipuzkoako txapeldun gelditu den bikote bera. Hernaniarrak Azpeitiako Illunbe taldearekin jokatu du txapelketa eta paper oso ona egin dute berak eta Buenok. Finalean, Abel Dominguez eta Mikel Javier Lazkoz nafarrak hartu zituzten menpean, Uharteko jai-alai pelotalekuan, 40-25eko emaitzarekin. Hala ere, partidua emaitzak erakusten duena baino estuagoa izan zen, 25 tantora arte behintzat; oso berdinduta joan ziren bi bikoteak partiduko lehen parte horretan, baina bigarren zatian gehiago izan ziren gipuzkoarrak.
Bost bikote
Euskal Herriko Txapelketarako bost bikote sailkatu dira: Gipuzkoatik hiru eta Nafarroatik bi. Xabier Iradik Azpeitiako Illunbe taldearekin parte hartu duen moduan, Hernaniko klubaren izenean Egoitz Zulaika aizarnazabaldarra eta Aritz Zubiri goizuetarra atera dira, eta finalaurrekoan galdu zuten Iradi eta Buenoren aurka. Xabier Iradi pelotariak Hegoi Imaz istrupuan hildako hernaniarrari eskaini dio txapela.