Sandiusterrin eserleku berriak jartzea eta Goiz Eguzkiko taberna adjudikatzea aztergai, Ongintza Patronatuan

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 14a, 01:00

Ongintza Patronatuko Zuzendaritza Batzordea bilduko da gaur 16:00etan, eta bertan sei gai dituzte eztabaidarako. Erabakiko dituzten puntuetako bi dira, Goiz Eguzki jubilatu etxeko ile-apaindegi zerbitzua eta taberna zerbitzua adjudikatzea. Dirudienez, dagoeneko badago nori adjudikatu eta gaur onartzea besterik ez da falta. Tabernarena buru hauste haundiak ematen dituen gaia da, jendeak nekez irauten baitu denbora luzean eta orain ere hiru hilabete inguruan egon da itxita.

Sandiusterriko eserlekuak
Sandiusterri aretoan eserleku berriak jartzekoak ditu Ongintza Patronatuak. Eserleku akoltxatuak izango dira, guztira 202. Horrez gain, anfiteatroan orain dauden eserleku batzuk ere geratuko dira, ez baitago berriak sartzeko tokirik. Zuzendaritzak eserlekuak jartzeko lehiaketako oinarriak onartuko ditu. Deialdia zabaldu, adjudikazioak egin eta eserlekuak jartzen, hilabete batzuk pasako dira eta ekaina ingururako egon litezke eserleku berriak Sandiusterrin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!