Datorren igandean izango da Tolarea sagardo kofradiaren XIIgarren kapitulua eta jakitera eman dutenez, ohorezko lau kofrade berri dituzte egitekoak aurten: Rosi Talavera korrikalari hernaniarra, Angel Alkain aktorea, Txomin Perurena txirrindulari ohia eta Juan Mari Beltran musikaria.
Kofradien bisita
Urteroko moduan, beste kofradiak ere Hernanin izango dira desfilean parte hartu eta egun pasa bertan egiteko. Kontxi Zubeldia Tolareako lehendakariak Kronikari esan dionez, 42 kofradia etortzekoak dira igandean Hernanira, 125 bat lagun. Etorriko diren Kofradien artean, aurten, Belgikako garagardoarena izango da urrutienetik datorrena, eta Portugalgo Oporto ardoarena ere hemen izango da urteroko moduan, Euskal Herrikoekin batean: Senpereko amurraina, Baionako urdaiazpikoa, Ezpeletako piperra, Beasaingo odolkia, Tolosako babarruna, Ordiziako gazta...
Ekitaldiak goizetik
Igandean, 11:00etan izango dute zita Kofradia guztiek, Santa Barbara elkartean. 12:15etan egingo dute desfilea kofradiek eta ohorezko kofradeek, Musika Bandak lagunduta. 13:00etan, egingo da XII Kapitulua Biterin, eta ondorenean, bazkaria izango dute Altzueta sagardotegian.