Gai sozialak lantzen dituen Andui Fundazioa Agustindarren plazan dago, herritarren zerbitzura

Kronika - Erredakzioa 2007ko mar. 13a, 01:00

Herritarrei beren zerbitzuaren eta azkena antolatutako topaketen berri eman nahi die Andui fundazio berriak, eta atzo prentsaurrean azaldu zituzten xehetasun guzti hauek. Fundazioa sortu da gai sozialen inguruko lanketa ´prestakuntza haundiagokoa eta profesionalagoa` egiteko. Landuko duten gaietako bat drogomenpekotasunena izango da, baina horrez gain, aisialdia, sexologia, psikologia, inmigrazioa, emakumea... beste hainbat gaietan ere zerbitzua emango du Anduik.

Zerbitzu zabala
Fundazioak eskaintzen dituen zerbitzuak asko dira, besteak beste: Psikoterapia eta famili laguntza: Familia desegiten duten arazoen aurrean terapiak eta laguntza profesionala, berregituratzen laguntzeko. Anduik familia estruktura berregiten lagunduko du eta tarteko arazoak konpontzeko profesionaletara bideratu (drogak, anorexiak...). Dokumentazio Zentroa: Gai guzti hauen inguruko dokumentazio zentro bat ari da sortzen Andui, eta interesatu guztien eskura egongo da, beren bulegoan. Formazio ikastaroak: Profesionalentzako, guraso, ikasle, irakasle nahiz interesatuentzako formazio ikastaroak antolatzen ditu Anduik, orain arte Biterin eta hemendik aurrera lokal berrian, Agustindarren plazan. Ikerketak: Zenbait ikerketa egiteko helburua ere badu fundazio berriak. Egun, egunkarietan drogaren gaia nola lantzen den ari da aztertzen, Jaurlaritzak lagunduta. Drogomenpekotasunak prebenitzako planak: Orio, Oiartzun, Astigarraga eta Berako ikastetxeetan ari dira. Horrez gain, Kilometroak, Nafarroa Oinez, Ibilaldia eta Araba euskarazerako ere sentsiblizazioan oinarritutako plan bat egiten ari dira, Ikastolen elkartearekin batean. Drogak eta sexualitatea, informazio puntua: Teknologia berriak baliatuz sare zabala eratu nahi da drogak eta sexualitateari buruzko informazio puntu bat sortzeko. Erdigunea Hernanin izango luke baina zerbitzua zabala da. Oraingoz, Gazte Txokoan daukate esperientzia pilotoa.

Lan profesionala
Fundazioa sortzearen arrazoietako bat da gizarteak horrelako gaietan eskatzen duena ere aldatu egin dela: ´Askagintzak-eta hasiera batean lan batzuk egiten zituen, baina eskaera asko aldatu da, zerbitzu profesionalagoa eskatzen da orain. Andui fundazioak aukera ematen du lana profesionalizatzeko`. Fundazioak lokala hartu berri du Agustindarren Plaza 6an, lehen pisuan. Diru iturriak berriz argi azaldu ditu Txus Congil fundazio kideak: ´gu ez gara diru laguntzetatik bizi. Fundazioko bazkideek jarritako dirua erabiltzen dugu batetik eta egindako lanagatik kobratzen duguna`.

Jose Antonio Gabelasen ikastaroa
Anduik lantzen duen alorretako bat trebakuntza ikastaroena da eta martxoaren 23 eta 24an Jose Antonio Gabelasek emango du pantaila artean hezteari buruzko ikastaroa, Anduiko lokalean, Agustindarren plazan. Gaur eguneko gazteak pantaila artean bizi dira eta horko leihoak, kodigoak, edukiak eta eraginak ezagutzen lagunduko du Zaragozako eta Kataluiniako unibertsitatean multimedia eta komunikaziorako irakasle-aholkularia den Gabelasek. Ikastaroa zuzendua dago irakasle, kale hezitzaile eta gazte zentrotako hezitzaileei eta baita interesa duen edonori ere. Izen emateko 943 33 60 80 zenbakira deitu edo andui@andui.com postara mezua bidali behar da. Prezioa 50 euro.
Beste bi ikastaro ere antolatu dituzte dagoeneko: apirilaren 27 eta 28an Mª Jesus Urangak emango du Nerabezaroari buruz; eta maiatzaren 25 eta 26an Osasun Heziketa Ikastetxeetan, Askagintzako kideek. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!